Atxikimendu ugari jaso ditu preso gaixoen kaleratzearen aldeko Donostiako manifestaldiak

Ibon fernandez Iradi, Gari Arruarte eta Altzol Gogorza preso gaixoen askatasunaren aldeko plataformek antolatu dute larunbatean, hilak 9, Bulebarretik abiatuta Donostiako kaleak zeharkatuko dituen mobilizazioa.

2014-ko abuztuak 8

Etxerat elkarteak, adibidez, manifestaldiarekin bat egin du eta adierazi du egun larriki gaixo dauden 11 euskal preso politikoen egoera "oso larria" dela. Euskal preso politikoek pairatzen duten eskubide urraketa "etengabekoa" dela azaldu du, "baina larriki gaixo dauden preso hauekin egiten ari direna basatia eta krudela" dela nabarmendu du.

Espainia eta Frantziako gobernuek "mina eta samina" zabaltzen jarraitzen dutela azpimarratu du Etxeratek; are gehiago, "mesede politiko eta elektoralak lortzeko, sufrimendua sortzen" duela azaldu du.

Azkenik, preso hauek kalean beharko luketela nabarmendu du, "kalean, aske, beharrezkoak dituzten tratamenduak behar bezala hartu ahal izateko". Izan ere, Etxeratek gogorarazi moduan, 11 preso hauek HIESA eta buruko gaitz larriak pairatzen dituzte eta "horrelako gaixotasunek espetxean okerrera besterik ez dute egiten".

Giza eskubideen urraketa sistematikoa
EH Bilduk, bere aldetik, euskal presoei "mendekua eta giza eskubideen urraketa sistematikoa" oinarri duen espetxe politika ezartzen zaiela adierazi du, eta zehazki, gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten presoei ezartzen ari zaien espetxe politika "ankerkeria eta mendekuaren" adierazle nagusia dela.

Hala, estatu espainol eta frantsesei mezu argi bat luzatzeko garaia dela adierazi du koalizio abertzaleak: "Aski da espetxe politika bake eta konponbidearen aurka erabiltzeari. Ez dugu sufrimendu eta krudeltasun gehiagorik normaltasunaren baitan kokatzen utziko. Gaixo diren presoak etxeratu arte ez dugu etsiko. Euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira ekarri, lehen fasean, eta guztiak kaleratu arte ez dugu atsedenik hartuko."

Hori dela eta, euskal jendarteari Donostiako mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu du.

Gehiago