Aterpetxeak “egiazko alternatiba” ez direla eta kalitatezko etxebizitzak aldarrikatu ditu Etxebizitza Sindikatuak

Iruñerriko Kontseilu Sozialistaren Etxebizitza Sindikatutik, etxerik gabeko pertsonen egoeraren eta aterpetxeen harira, instituzio publikoek "euren aurpegia garbitzeko egindako saiakerak eta haien miseriazko alternatibak" salatzeko ekimen bat egin du.

2023-ko abenduak 18

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak 56 ohe dituen aterpetxe berri bat jarri dute martxan negurako, baina dagoen eskaria ez duela asetuko salatu dute hainbat elkarteek.

Iruñerriko Kontseilu Sozialistaren Etxebizitza Sindikatuak egoera hau ere salatu nahi izan du ekimen baten bidez. “Etxerik gabe bizi diren pertsonen kopurua igotzea bizi dugun krisiaren ondorio lazgarrienetako bat da”, baieztatu dute. Etxegabetzeak alokairuen prezioen igoeragatik, etxea erosteko ezintasuna… “kalean lo egitea beste aukerarik ez izateraino, proletalgo pobretuenaren kasuan”, diotenez. “Testuinguru honetan, instituzio publikoen funtzioa etxebizitzaren negozioa babestea da. Askoz jota miseriazko alternatibak eskaintzen dizkiete etxebizitzarako sarbidea ukatua zaien pertsonei, kasu honetan bezala, etxerik gabeko pertsonen errealitatea arazo politiko bihurtu ez dadin. Aterpetxe hauen miseriazko izaeraren erakusgarri dira haien kalitate-baldintza eskasak, pertso­nen sarrerarako irizpide burokratikoak eta inolako egonkortasunik eskaintzen ez dutela”, salatu dute.

Egoera lazgarri honi aurre egitek hiriko bi aterpetxeetan dauden 114 plazek ez direla nahikoa azpimarratu dute. Are gutxiago kontutan hartu 30.000 etxebizitza baino gehiago hutsik dituen Nafarroan. “Pertsona guztientzako kalitatezko etxebizitza alternatibak bermatzeko nahikoa baliabide dago, eta aterpetxe bat ez da egiazko alternatiba; ez etxejabeak aberasten diren bitartean.    Hortaz, instituzioen miseriazko alternatiben aurrean, kalitatezko etxebizitzarako sarbide unibertsalaren alde antolatu eta borrokatu behar dugu”.

Gehiago