Askapenak larunbata honetan 2017ko brigadak aurkeztuko ditu Iruñean

Askapenak 30 urte beteko dituen honetan "borrokak uztartzen jarraitzeko asmo garbia" dute internazionalistek, eta horrexegatik antolatu dituzte beste behin ere brigadak munduko prozesu emantzipatzaile ezberdinak ezagutu eta gerora Euskal Herrian ezagutzera emateko.

2017-ko urtarrilak 31

Askapena herrien arteko joan-etorriko elkartasuna bultzatzeari berriro ekinen dio aurten ere “Euskal Herria eta gainerako herri langile eta zapalduekin zubiak eraikiz”. Horretarako Argentina/Uruguai, Bolibia, Brasil, Mexiko eta Venezuela, Kuba, Herrialde Katalan, Bretainia, Italia eta Palestinara brigadak antolatuko ditu uda honetan.

Aurtengo brigada kanpainan, azken urteotako dinamikarekin jarraitzea da Askapenaren asmoa. Alde batetik, Abya Yalako prozesuen jarraipena egingo dute hauek bizi duten egoera ezegonkorrari aurre egin eta Argentina/Uruguai, Bolibia, Brasil, Mexiko eta Venezuelan dauden erresistentzia esperientziak ezagutzeko. Hauei Kubarako brigada gehitu zaie aurtengoan.

Bestalde, Europan, Herrialde Katalanetako brigadarekin batera, berrikuntza gisa, Bretainia-ZAD eta Italiako brigadak ere burutuko dituzte, “Kapitalaren Europan herri zapalduetatik sortzen diren alternatibak” ezagutarazteko.

Azkenik, urtero legez, Palestinara ere brigada izango da, “sionismorik gabeko Euskal Herria sortze bidean palestinar erresistentzia ezagutu eta Euskal Herrian BDZ kanpaina zabaltzeko”.


Iruñean aurkezpena, larunbata honetan

Larunbata honetan goizeko 11.30etan Iruñean aurkeztuko dituzte aurtengo brigadak, Arrano elkartean. Joan den urtean brigadetan izandako hainbat pertsonek euren esperientziaren lekuko emanen dute eta ondoren bazkari herrikoia izanen da. Arratsaldeko 20etatik aurrera kontzertuak izanen dira Skabidean eta Herdoil taldeekin.

Gehiago