Arrotxapeako osasun zentroan mediku euskalduna lortu dute

Bi urteko borrokak bere fruituak ematen hasi da. Arrotxapeako bizilagunek mediku euskaldun bat izanen dute hemendik aurrera osasun zentroan. Momentuz, hori bai, pediatra euskaldunik ez dago.

2018-ko urriak 19

Duela bi urte abiatu zuten borroka Arrotxapeako bizilagunek. Helburua, auzoko osasun zentroan mediku eta pediatra euskaldunak izatea. Duela aste pare bat, eta mediku baten jubilazioa dela eta, bere ordezkapena antolatzerakoan suertatu zen sorpresa: mediku berria euskalduna zen.

Poza Osasun Etxean Euskaraz plataformako kideen artean, baina poza neurtua. Izan ere, medikua euskalduna da, baina okupatuko duen lanpostuan ez da euskaraz jakitea eskatzen. Hau da, lanpostu horretan ez da euskara jakitea eskatzen, eta beraz, ez da bete plataformaren helburua. Eta bestetik, pediatra euskaldun bat izatearen aldarrikapena ere ez da oraindik bete, nahiz eta gai hori konpontzeko Nafarroako Gobernuarekin solasaldiak izan diren.

Pasa den urteko azaroaren bukaeran Arrotxapeako bizilagunen plataforma honek deituta, manifestazio bat egin zuten auzotik Nafarroako Gobernuaren atariraino. “Nafarroako Gobernuak hizkuntza eskubideak aitortzen dizkigu, baina legez, ezin dizkigula bermatu esaten digu, bere garaian ezarri ziguten Vascuencearen legea eta hizkuntza eskubideen zonifikazioaren barruan eremu mistoan bizi garelako. Onartu berri duten Euskararen dekretuarekin ere ez dizkigute mediku eta pediatra euskaldunak ziurtatzen; eta orain aste gutxi kontratatu berri diztuzten mediku eta pediatrak, ez dira euskaldunak. Hori da Nafarroako Gobernua, Arrotxapeako euskaldunok osasun etxean bizi dugun menpeko egoera iraultzeko, erakusten ari den grina eta borondatea”, salatu zuten egun horretan.

Mediku eta pediatra euskaldunak aldarrikatzeko kanpaina luze honetan, Ahotsa.info-k Arrotxapeako familia batekin egoteko aukera izan zuen, auzoko mediku eta pediatra euskaldunak izateko aldarrikapena zuen babesa gertutik ezagutzeko.

Era askotarikoak izan dira Arrotxapeako bizilagunek burutu dituzten ekimenak euren hizkuntz eskubideak aldarrikatzeko. Osasun zentroaren inguruan giza kateak, instalazioen okupazioak… inkluso Olentzero berak ikatza eraman zuen osasun zentrora.

Gehiago