Arraizko Bentetan 121 errepidea moztu dute kamioi handien trafikoa etetea eskatuz

Belateko tunelak konpontze lanetan izango dira maiatzetik abendura eta denboa horretan trafikoa Belateko mendateko errepide zaharretik joango da. Herritarrek nahi dute, tarte horretan kamioi handien trafikoa debekatzea errepide horretan. Belateko lanek irauten duten bitartean nazioarteko kamioiak debebatzea eskatu dute berriz ere inguruko alkateek, baina Nafar Gobernuak ez du holakorik egiteko asmorik.

2018-ko martxoak 21

121 errepidea Iruñea eta Irun lotzen dituena da eta arazo ugari ematen die egunero errepide hau erabiltzen duten eskualdeetako herritarrei. Europako joan-etorrietan, egunero 2.700 kamioi pasatzen da bertatik Nafarroako Gobernuaren arabera, eta seguruenik, gaur egun gehiago izango dira Gipuzkoako Diputazioak Etzegaraten kamioiei bide-saria jarri dienetik.

Errepidea zeharkatzen duten eskualdeetako alkateen ustez, berau hau ez dago prestatua halako trafikoari eusteko eta horrek etengabeko arazoak sortzen ditu, batez ere istripuak, eta hauen ondorioz hildakoak eta zaurituak. Ekainetik abendura egoera larritu egingo da, egokitze lanak tarteko Belateko tunelak moztuko baitituzte, eta trafiko guztia Belateko mendateko bide zaharretik egingo da. Orduro 150 kamioi pasatzen da bertatik eta atzoko bide mozketan herrietako ordezkariek aipatu zutenez, hainbat kurbetan ezinezkoa da aurrera egitea bi kamioik bertan topo egiten badute. Lanekin orain arazoa areagotu egingo da, baina oro har, errepideak zeharkatzen dituen eskualdeetako herritarrek nahi dute nazioarteko kamioien trafikoa horretarako prestatuta dagoen errepideetatik egin dadila eta ez 121etik.

Astelehenean bilera izan zuten alkateek eta Nafarroko Gobernuko lehendakariorde Manu Ayerdik, eta alkateek bidea nazioarteko kamioiei eteteko eskatu zioten, baina honek ez zuen horrelakorik onartu. Aierdik, segurtasuna areagotzeko neurriak hartuko zirela berretsi zuen, batez ere mendateko bidea hobetzea eta foruzainak gehitzea.

M-15eko tuneletako lanak azkartzea eskatu du Aierdik

Alkateak eta Nafarroako Gobernuak, halaber, beren kezka azaldu dute Gipuzkoako A-15eko zatiak tunelen egokitze lanak geldo doazelako. Orain arte, Aierdiren arabera, tunel bat konponduko da urteko eta hori oso erritmo geldoa da, lanak denboran asko luzatzen direlako eta kamioi handien trafikoa mozten den bitartean, trafikoak 121era jotzen duelako.

Aurreikuspenak aldatzen ez badira, aurten hori gertatutako da, San Lorentzoko tuneleko lanak direla medio, maiatzetik irailera A-15eko zatia moztuta egongo delako kamioietarako eta, beraz, trafikoaren zati handi bat Belatetik abiatuko da. Aierdik aipatu du 121 errepideari buruzko eztabaida irekia dagoela Nafarroako gizartean, eta horren arabera hartu beharko direla erabakiak errepidearen etorkizunaz.

Gehiago