Aroztegiko epaiketa hasi da lurraren defentsan desobedientzia zibila legitimoa dela defendatuz
Mega-proiektuaren enpresa sortzaileak Fiskaltzaren akordio saiakera guztiei boikota egin die, eta "talde kriminaleko kide" izatearen akusazioari eutsi dio. 43 milioi euro ordaintzeko eskatu du.
2025-ko maiatzak 19
07:30etan abiatu da Elizondoko plazatik Iruñeko epaitegira hurbildu nahi zutenen auto karabana. Ordu bat beranduago jendea biltzen hasi da Auzitegia Probintzialaren parean auzipetuen errugabetasuna aldarrikatzeko. Auzipetuei babes osoa adierazi diete gogoratuz gaur abiatzen epaiketa “herri oso baten aurkako” auzia dela.
Epaiketa irauten duen bitartean, Auzitegiaren kanpoaldean arlo ezberdinetako eragileal elkartuko dira auziperatuei elkartasuna adierazteko eta desobedientzia zibilaren erabilera defendatzeko. Gaur, lurraren aldeko borrokari eskaini zaio bere tartea. Bilgune Feministak, AHT Gelditu!-k eta EH Bizirikek deklarazioak egin dituzte lurraren defentsari “ikuspegi feminista batetik begiratzea ezinbertzekoa” dela aldarrikatzeko. Bestetik, nabarmendu dute Aroztegiko borroka “denontzat arnasa dela”, eta krisi ekologikoaren ondorioak gero eta latzagoak diren honetan “basakeria horri guztiari aurre egiten dietenen kontrako ofentsiba errepresiboa gero eta larriagoa dela”.
Auziperatuak epaitegian sartu dira txalo eta absoluzioaren aldeko ohiu eta animo artean, epaiketa aurreikusia zegoen hasteko. Aurreko astean akordioaren mamua bazegoen ere, jakina da Aroztegia SL enpresak diru gosez uko egin dio aukera horri.

Akusazioak epaiketa ateak hetsita egiteko eskatu du, baina epaileak ezezkoa eman dio ez baitu inolako arriskurik ikusten. Akaso, akusazioaren asmoa zen gaurko saioan zehar saldu nahi izan duen ustezko Baztango beldur eta akoso giroa eszenifikatzea. Ildo bera jarraituz, akusazioen lekuko batek telematikoki deklaratzeko eskaera egin du, akusatuekin aurrez aurreko konfrontazioa saihesteko, auzipetuen aldetik jazarpena sufritu duela argudiatuta. Epaileak eskaera onartu du oraingo honetan.
Bi guardia zibilek ere deklaratu dute gaurkoan. Adierazi dute, lanak hasi eta biharamunean salaketak jaso zituztela seinaleak kentzen zituztelako. Auzipetutako batek proiektuaren kontrako oposizioa zuzentzen zuela erran dute, bideo eta elkarrizketen bitartez identifikatu dute. “Talde antolatua” dela aipatu dute, eta gehitu dute “oposizio zibil oro antolatua da, eta ez da talde baketsu bat”. Aldiz, TEX enpresako operario batek adierazi du ez zuela mehaxurik jaso, ez zuela bere burua arriskuan ikusi eta obrak gelditzeko formak baketsuak izan zirela.
Goardia Zibilek esan dute ere obrak ilegalak badira jarraitu beharreko prozedura salaketa jartzea zela, eta ez derrigortze ekintzak. Kontu da 2022ko otsailean Nafarroako Auzitegiak baieztatu zuela obrak legez kanpokoak izan zirela, baina epai hori urtebete berandu iritsi zen, eta baztandarrek egindako oposizio horri esker atzera bueltarik gabeko lanak ez ziren egin.