Aroztegia makropoiektuak Baztanen izanen duen eragin okerraz ohartazi dute ehunka lagunek

1.500 lagun inguru hartu dute parte gaur arratsaldean Elizondon "Aroztegia eta gero zer?" plataformak deituriko manifestazioan. Umo onez, Aroztegia makroproiektuak bailaran izanen lukeen eragina salatu dute, eta bertan behera uzteko exijitu dute. Proiektuaren inguruan herritarrek duten iritzia jakiteko erreferendum bat antolatzeko beharrezkoak diren sinadurak bildu dituztela iragarri dute.

2016-ko apirilak 23

Erabakitzeko eskubidearen aldarria egin dute gaur Elizondoko kaleetan ehunka lagunek, eta azpimarratu nahi izan dute Aroztegiako proiektua ez dela Baztan aranerako “onuragarria” ezta nahi duten garapen eredua.

“Ezetz erran genuen 2009an herri galdeketa egin zenean, ezetz erran dugu alegazioak aurkeztu ditugun aldiro, ezetz erran genien atzo legez kontrako proiektua onartu zuten, eta orain legalitatea defenditzen dutenei, eta ezetz erran diegu Lekarozko herria, Baztango Udala eta Baztango Batzar Nagusia beren menpe daudela uste dutenei. Hala ere, batzuk entzungor segitzen dute, batere lotsarik gabe lekaroztarren borondatea oraindik zalantzan jartzen”, salatu dute manifestazioaren ondoren irakurritako testuan.

Aroztegiako UGPS/PSISak Nafarroa guztian “aurrekari ikaragarria” sortuko lukela ere ohartarazi dute. “Ez gara Aroztegiako proiektu urbanistikoari buruz bakarrik ari, herritarrok gure etorkizuna nola izatea nahi dugun erabakitzeko eskubideari buruz baizik. Nola erran dezake gobernu “demokratiko” batek ez duela herritarren iritzia jakin nahi edo galdetzea legez kontrakoa dela erran?”.

Aroztegia proiektuak bailaran izanen duen eragina aztertu dute, hainbat datu eskeiniz eta galderak luzatuz. “Zergatik planteatzen da Udal Planatik kanpo, lur ez-urbanizagarri diren 46 hektareen birkalifikazioa? Akaso ez da aski 850 etxebizitza hutsik edukitzea Baztanen? Zergatik ematen zaio enpresa honi etekin ekonomiko pribatua lortzeko herri lurrak eta lur pribatuak espropiatzeko aukera?”, galdetu dute. Ildo horretan, gogoratu dute 350 biztanleko herri batean (Lekaroz) 228 etxebizitza egin nahi dituztela, eta honek guztiz aldatuko duela herria. “Norendako da onuragarria proiektu hau?”, galdetu dute.

Bukatzeko, eta erreferendunari begira jarriz, baztandar guztiei eskatu diete UGPS/PSISa gelditzeko eta herri galdeketa egiteko elkarlanean aritzea.

Gehiago