Aroztak ekimenak eskandalagarritzat jo du Aroztegia proiektuaren bultzatzaileak eskatutako 43 miloi euroko indemnizazioa
Nafarroako eta Espainiako Gobernuari indemnizazio eskaera egin dio Aroztegiko proiektuaren bultzatzaileak obrak gelditzeagatik. Osotara, 43 miloi euroko indemnizazio eskaera egiten du Salvador Urbistondok Palacio de Arozteguia, S.L. enpresaren izenean. Enpresaburuak uste du gobernuak polizia gutxi bidali zuela eta kanpatuen kontrako jarrera ez zela aski gogorra izan.
2022-ko ekainak 30
Aste honetan izan dugu Salvador Urbistondok Palacio de Arozteguia, S.L. enpresaren izenean Nafarroako Gobernuan iaz aurkeztutako eskaera baten berri. Eskaera horretan Nafarroako eta Espainiako Gobernuari indemnizazio eskaera egiten dio. Aroztegiko proiektuko obrak gelditzeagatik, bertze gauzen artean, 43 milloi euroko indemnizazio eskaera egiten du.
Eskandalagarria da nola behin eta berriz herri lurrak eta herritarren nekazal lurrak modu lotsagabean bereganatzen saiatu direnak, herritarren borondatearen gainetik proiektu hau inposatu nahi izan dutenak, eta pelotazo urbanistiko baten bitartez aberastu nahi izan dutenak, inpunitate osoarekin berriz ere diru publikoa bereganatzeko trikimailu berri bat asmatu nahi duten. Onartezina da ondasun publikotik bidegabeki aberasten saiatu direnak orain biktimaren jarrera hartu eta indemnizazioen bitartez berriz ere herritarren kontura aberasten saiatzea, oraingoan nafar guztien kontura.
Hori gutxi balitz, beren kexa nagusia gobernuak polizia gutxi bidali zuela eta kanpatuen kontrako jarrera ez zela aski gogorra izan da. Aldi berean, herritarren borondatearen kontra eta legez kontrako obrak abiatu dituzten horiek, eraso baten aitzinean obrak gelditzeko lanean aritu zirenen bortizkeria salatzen dute.
Honen aitzinean, oroitarazi nahi dugu gure lurra, hizkuntza eta kultura desagerraraztea helburu duen proiektu honen kontrako borrokan egon den bortizkeria bakarra hondeamakinak, motozerrak eta guardia zibilak bidali dituztenena izan dela. Oroitarazi nahi dugu kanpaldiak iraun zuen bitartean Lekarozko herriak okupazio polizial itogarriaren ondorioz egin zuen salaketa publikoa, hautetsiek eta herritarrek pairatu dugun eta oraindik pairatzen ari garen jazarpen judizial eta ekonomikoa. Oroitarazi nahi dugu, lege guztiak beren alde egonda ere, horiek ere betetzen ez dituztenen erakusle direla herritarrek zein hautetsiek irabazitako auzi guztiak. Azkenengoa, obren esleipena bera legez kontrakoa zela erakutsi duen sententzia.
Inpunitate osoa dutela uste duten jauntxo hauei jakinarazi nahi diegu inposatutako proiektuen aitzinean herri batek bere burua defenditzea ez dela delitua eta herrien burujabetza kapitalaren pilaketa bidegabearen gainetik dagoela.