Arizkunen egin nahi duten harrobiak sortzen duten kontrakotasuna helarazi diote Nafarroako Gobernuari

Arizkungo eta oro har Baztango herritarren desadostasuna agertzeko, bailarako hainbat ordezkari Nafar Gobernuko bi kontseilarirekin (Mikel Irujo eta Jose Maria Aierdi) elkartu dira. Canteras Acha SA enpresak Almandoz eta Arizkunen egin nahi dituen zundaketen harira, herritarrek duten kontrako jarrera ezagutaraztea eta sartu diren helegiteak kontutan hartzea eskatu diete. Hau da bilkuran helarazi dieten gutunaren edukia:

2022-ko martxoak 10

Arizkungo herriaren izenean zuzentzen naiz zuengana.

Estatuko aldizkari ofizialaren (B.O.E.) bidez jakin genuen Aintzialde eta Bergara auzoetan zundaketak egin nahi dituela Canteras Acha S.A. enpresak burdin-harria dagoen edo ez jakiteko eta hala bada, harrobi bat egiteko.

Hori jakin bezain fite herriko batzarra egin genuen herritarrak informatzeko, genekien gutti horren berri emateko eta aldi berean herriaren iritzia biltzeko. Horretarako bertze batzar bat deitu genuen jendeak bere iritzia bozaren bidez eman ahal izateko. Bigarren batzar horretan Arizkunek argi utzi zuen: ez dugu harrobirik nahi, ezta zundaketarik ere.
155 herritar bildu ginen eta bakar batek ere ez zuen dudarik izan harrobiaren kontra egiteko. Arizkungo batzarraren %100ak ez du Aintzialde eta Bergara auzoetan harrobi bat egoki ikusten. Honez gain, herritarren erroldaren gehiengoak ere proiektuaren aurkako helegiteak sinatu ditu. Gure herria proiektu honen aurka egoteko arrazoiak aunitz dira: inguru horretan 12 etxebizitza eta familia daude, hainbat abeltzaintza-ustiategi, mahasti ekologikoak, lanpostu ugari, Principe de Vianak babestutako Bergarako Jauregia, borda aunitz, iturriak eta auzoa hornitzen duten ur-biltegiak, basoak eta abar.

Herritarren iritzi irmoa ikusirik, Baztango Batzar Nagusiari ere babesa eskatu genion. Hemen ere, aho batez onartu zen Arizkungo herriari babesa emanez, zundaketa eta harrobia egitearen proiektuari ezezkoa ematea.

Arizkundarrak beraz, gure lana egiten ari gara nekazal, lan eta bizitoki eremua den hori dagoen bezala uzteko eta defendatzeko. Orain sortu den arazo honekin akitzeko eskatu nahi dugu.

Idatzi honen bidez beraz, Arizkungo herritar guztien izenean, herritarroi babesa emanez, zundaketa zein harrobiaren proiektu hau ez babestea eskatzen dizuegu, baita gure hitza eta erabakia errespetatzea ere.

Gehiago