Arizkunen egin nahi duten harrobiak hautsak harrotu ditu herrian

Arizkungo herritarrek prentsaren bidez jakin dute bere herrian harrobi bat egiteko dagoen proiektua, eta horrek biztanleen kexa eragin du. Harrobiaren proiektuak gaur egun 12 baserri dauden zonaldea hartzen du. Milotxuri Bizirik eta Arizkungo alkateak, Imanol Etxeberria Antxorena, ohar hau plazaratu dute honen harira:

2021-ko abenduak 16

Joan den azaroan, prentsaren bidez jakin genuen Arizkungo Aintzialde eta Bergarako auzoetan zundaketak egin nahi dituela Canteras Acha S.A enpresak, gero burdin-harria atera eta harrobia egin ahal izateko. Hasteko, herria mindua dago egitasmoaren berri izan duen moduarengatik: lur komunaletarako Batzar Nagusian ez da notifikazio edo baimen eskaerarik sartu, jabego pribatuen kasuan bezalaxe.

Jakina da zundaketa egitea harrobi bat egiteko lehendabiziko pausua dela eta horregatik, Arizkungo herriak lehen momentutik hartu du proiektu honen kontrako jarrera. Halaxe ikusten ahal da joan den abenduaren 12ko herri batzarrean egindako bozketaren emaitzan (155 partaideetatik denak kontra atera ziren), baita zenbait herritarrek elkarlanean abiarazi duten harrobiaren kontrako lantaldean.

Herrian kezkatuak gaude gure lurretan harrobi baten agerpenak ekarriko lituzkeen ondorioekin, hauek izanik herriaren kezka nagusiak:

Zundaketak egiteko eskatu duten meatze-koadrikularen barnean, 12 etxebizitza daude, gehienak XV eta XVIII. mende bitarteko baserriak direnak; hainbat abeltzaintza-ustiategi hartzen ditu, familia hauen sustengua bermatzen dituztenak; bordak, iturriak zein auzoa hornitzen duten ur-biltegiak eta basoak ere hartzen ditu barne. Halaber, proiektua legez babestua dagoen Bergarako jauregiaren babes-eremuaren barnean dago. Honez gain, Bergara auzoa hornitzen duen ur-biltegia, hoditeria eta iturburua zundaketa batetik 200 metro baino gutxiagora dago, ura kutsatzeko dakarren arriskuarekin.

Zenbat eta gehiago pentsatu, kezkak handitzen dira: zundaketa eremua bi auzoetako herrigunea ukitzen ari da, Arizkungo kaskotik 400 metro eskasera. Harrobiak etxebizitzetatik 40 metrotara egin daitezke, eta honek leherketak, nekazalgo lur galerak, kamioi gainkarga, eta abar luze bat ekarriko ditu berarekin.

Herrian helegiteak abiarazi ditugu, bertze behin gure lurrak defendatzeko. Bainan afera hau ez da arizkundarrena bakarrik, Baztango bailara hartzen dituzten bertze hogei proiektu daude lo, edozein momentuan martxan paratzen ahal direnak.

Gehiago