Argindarraren prezioak gorakadaren aurrean oligopolioei muga jartzeko garaia dela dio LABek

Pandemiaren bigarren olatuan eta urte hasieran bizi izan den hotz bolada betean "sektore energetikoa kontrolatzen duen oligopolioak argindarraren igoera abusiboa, neurrigabeko eta ilegala" egin duela salatu du LABek.

2021-ko urtarrilak 15

Energia oinarrizko beharrizana izanik ere, azken hamarkadetako politika neoliberalek eskubideak urratu, ukatu eta mozkinak arteratzeko ondasun bilakatu arazi dute, geroz eta herri sektore gehiago pobretze energetikora eramanez eta kolektibo zaurgarrienak gogorrago kolpatuz.

Pandemiaren bitartean, herritarron lan eta bizi baldintzak nabarmen okertzen ari direnean, Iberdrola eta oligopolioko enpresa elektrikoek energiarako sarbidea garestitzen jarraitu dute, irabazi eskandalagarriak izateraino. Ezin aipatu gabe utzi enpresa hauek direla Europako funtsekin trantsizio energetikoa gidatzeko Urkulluk aukeratutako enpresak, beste behin ere, berdez tindatutako kapitalismo are basatiago bati bide emateko, herritarron behar sozialen kontura sistema indartzen jarraitzeko.

Egoera honetan ezagutu dugu gainera Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren izozketa, Espainiako Gobernuak aberastasuna banatu eta soldata duinak bermatzeko inolako borondaterik ez duela agerian utziz beste behin. Oraindik indarrean dauden lan erreformak bertan behera uzteko keinurik egin gabe, LGS izoztuta eta oinarrizko eskubideak oligopolioen esku. Horixe da Madrileko gobernutik, Gasteiz eta Iruñeakoen konplizitatez euskal langileoi egiten zaigun eskaintza.

Beharrezkoa da ekoizpen eta kontsumo ereduaren eraldaketa sakona egitea, trantsizio ekosozialista abian jartzea, energiaren sektore publikoa indartzea, eta pribatizazio politika eta oligopolioei muga jartzea. Beharrezkoa ere, krisia gehien dutenek ordain dezaten neurriak har daitezela, natur baliabideen esplotazio muturrekoari eta kanpo dependentzia gehiegizkoari burujabetza energetikoa eta iraunkorra sustatuz aurre egitearekin batera energiarako sarbide unibertsala eta justua bermatzeko.

Lan, pentsio eta bizi duina bermatzeko ezinbesteko eraldaketa ekosozialistan, Europako Gutun Sozialak Euskal Herrirako ezartzen duen 1.200 eurotako gutxieneko soldata aldarrikatzen jarraituko dugu, enpleguan eta babes- sozialean eskumen osoak izango dituen esparru baten alde borrokatuz. Izan ere, koiuntura honetan langile eta herritarron mobilizazioa giltzarri izango da aldaketa sozialaren eta burujabetza energetiko, ekonomiko eta politikoaren alde urratsak emateko.

Gehiago