Anbizio txikiko gobernu eta akordio programatikoaren aurrean, LABek neurri zorrotz eta zehatzak aldarrikatu ditu

LAB sindikatuaren ustez, udan negoziatu eta osatu diren Nafarroa Garaiko akordio programatikoa eta gobernua anbizio txikikoak dira eta, horregatik, hasi berria den legegintzaldia ezberdina izan dadin, borroka sindikala eta soziala nahitaezkoa izanen da langileen lan eta bizi baldintzetan hobetzeko urratsak egin daitezen.

2023-ko irailak 18

Zahar egoitzetako Nafarroako lehen lan hitzarmena lortzea, Osasunbideko zein Miguel Servet-Navarrabiomedeko langileek lortu akordioak betetzea, eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea izanen dira LABen lehentasunak urte politiko honetan. Halaxe azaldu du Imanol Karrera bozeramaileak gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan.

Bizitzaren garestitzea, enplegua, zerbitzu publikoen egoera eta etxebizitza dira Nafarroako herritarren kezka nagusiak eta, LABen iritziz, kezka eta behar horiei begirako irtenbideak ahalbidetu behar ditu aldaketa sozialak, politika publikoetan aldaketa sakonak eginez eta erabaki propioak hartuz. Ildo horretan, gehiengo sozialaren eskakizunak bermatzeko eta posible egiteko bidean, eredu sozioekonomikoaz erabakitzeko Nafarroak prozedura demokratiko bat eta tresna berriak behar dituela aldarrikatu du LABek.

Baina udako negoziazioetan eta gobernu osaketan alderdikeria nagusitu da, Nafarroa begirako egitasmo baten definizioaz baino karguen banaketaz aritu baitira. Horrek anbizio txikiko gobernua eta akordio programatikoa osatzea ekarri du; anbizio eskasa izan dute langileen bizi eta lan baldintzei eragiten dieten gaietan. Aurreko legealdiarekin alderatuta, kontinuismoa baino ez. Hots, akordioa politika ekonomiko eta sozialetan anbiziorik eta berritasunik gabea da.

Gobernu barneko arduren banaketari dagokionez, aldaketa esanguratsuak gertatu dira; lan harremanen eremuan PSNren kontrola zabaldu baita. Hala, ikuspegi sindikaletik oso deigarria da izandako mugimenduen atzean dagoen jokoa: Geroa Baik ehun produktiboa eta lan harremanak monopolizatu ez ditzan eta horren zati bat bere esku gera dadin, beharrezko organigrama bermatu baitu PSN-k. Eta hori ez da kasualitatea izan.

Banaketa berrian, UGT eta CCOO sindikatuen lehiatila bakarra PSNren ardurapean geldituko da; eta enpresarien lehiatila, aldiz, Geroa Bairenean. Bi alderdi horiek eredu ekonomiko berdina konpartitzen dute, noski, baina zenbait atal Geroa Bairen eskutik PSNren eskura pasatzeak UGT eta CCOO sindikatuen beharrak asetzeko neurri ekonomiko eta politika batzuen itzulera ekar dezake.

«Elkarrizketa sozialaren kultura babestea, lan-baldintzak hobetzeko». Akordio programatikoan jasotako esaldi horrek argi utzi duen moduan, Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua indartzeko asmoa dute, nahiz eta UGT eta CCOO sindikatuek aspaldi galdu zuten Nafarroako gehiengo sindikala. Horrek, aurretik dauden erronka eta materia zehatzen inguruan hitz egitea blokeatzen du. Badirudi Gobernuko hirugarren hankatxoaren parte den Podemos alderdia, tamalez, Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua inpugnatzetik onartzera pasa dela.

Gehiago