Alemaniako zuzendaritzak ez du bermatu VWn langile guztiendako lanik izanen dela 2026tik aurrera
Landabengo lantokiaren etorkizunarekin kezkatuta agerraldi bateratua egin dute enpresa batzordea osatzen duten sindikatu guztiek. Atzo bilera izan zuten Volkswagengo Alemaniako zuzendaritzarekin. "Ez dute 2026tik aurrera, egungo lanpostuak mantentzeko beharrezkoa den lan zama bermatu" azaldu du Euskalerria Irratian batzordeko kidea den Igor Peñalverrek.
2022-ko irailak 9
Gaur enpresa batzordeak mezu bikoitza bidali du. Alde batetik, Nafarroa eta Espainiako Gobernuei, “Volkswagenek dirulaguntza publiko handiak jasotzen ditu eta horrekin presioa egin dezakete Gobernuek enplegua bermatu dezan” adierazi du Peñalverrek. Bestetik Alemaniako zuzendaritzari berari, “Nafarroako lantokia azkarrena da, eraginkorrena, ez dago kotxe bat 56 segunduoro egin ahal duen beste lantokirik…hori da gure indargunea eta horri heldu nahi diogu etorkizuna bermatzeko”.