AHTren aurkako mendi martxa eginen du Mugitu-k Nafarroako hegoaldean AHTak zeharkatzen dituen lan eremuetan
Mugitu! Mugimenduak azaroaren 23 eta 24ean Marcilla eta Tafalla artean AHTaren aurkako mendi martxa bat antolatzen ari da. Lehen etapa azaroaren 23, larunbatarekin, Marcilla eta Erriberri artean izanen da, eta bigarrena, azaroaren 24, igandearekin, Erriberritik abiatu eta Tafallan bukatuko da.
2019-ko azaroak 14
Datorren azaroaren 23 eta 24an Mugitu! Mugimenduak Martzilla, Erriberri eta Tafalla arteko AHTaren lan eremuetatik barna mendi martxa batera dei egiten du. Ekimen honen helburu nagusia herri hauen arteko AHTaren egitasmoa ikusaraztea eta lan horiek lurraldean eragiten ari diren kalteak baieztatzea da.
“Suntsitzailea, xahutzailea eta alferrikakoa den azpiegitura eraikitzeko lan horiek, pittinka-pittinka Nafarroa suntsitzen ari dira. Eta ez gara gu hori diogun bakarrak. Hamaika azterketa tekniko eta Europako zein Espainiko Kontu Auzitegien ebazpenek Espainiko abiadura handiko proiektua egundoko aldrebeskeriatzat jotzen” dutela gogoratu du Mugitu Mugimenduak.
“Inolako errentagarritasun sozialik ez duten eta herritarren gutxiengo batentzat soilik baliogarriak diren AHTaren lineetan diru publiko mordoa xahutzen ari da, bidaia-txartelak dirulaguntzez ordainduz, mantenu gastu ikaragarriekin eta ohiko trenaren desegitea ekarriz”, salatu du Mugitu-k.
AHTren eraikuntzan ematen diren ustelkeri kasuak ere gogoratu ditu Mugitu-k “diru publikoaren etengabeko xahuketa honek osasungintza, hezkuntza, pentsioak eta jendarte politika bezalako alor publikoetan murrizketak” dakartzala ere azpimarratuz. “Finean, AHTak haien benetako aurpegia azaleratzen du: Estatuaren zorpetzea, xahuketa, ustelkeria eta lurraldearen txikizioa”, dio Mugitu-k.
Ikuspuntu ekologista batetik ere, larrialdi klimatikoa aipatzen dute. “Hondamendira garamatzaten makroazpiegitura hauek eta sistema sozioekonomikoa zalantzan ipini ordez, politikariek berdin jarraitzen dute: “jasangarritasun”, trantsizio energetikoa”, “aldaketa klimatikoaren aurkako politikak”… bezalako hitzez ahoa bete baina garapenkeria eredu berdinari eutsiz. Horregatik zur eta lur uzten gaitu Uxue Barkos larrialdi klimatikoaz hizketan entzuteak, lehendakaria zela AHTaren lanak eta bestelako makroazpiegiturak indartsu sustatu zirenean. Lotsagabekeria gaiztoa eta espero dezagun egunen batean euren erantzukizuna aitortu behar izatea”.
Mendi martxa, esan bezala, zaroaren 23an hasiko da, Martzillan. Goizeko 10etan abiatuko da Martzillako tren geltokitik eta arratsaldean iritsiko da ErriBerrira, non hainbat jarduera izanen diren. Azaroaren 24an ErriBerri eta Tafalla arteko ibilbidea eginen da, eta bertan herri bazkari bat egingo da.
Izen ematea eta informazio guztia eta Mugitu.blogspot.com webgunean aurkitu daiteke.