Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko “JOTAke” ekimena ospatuko da larunbata honetan Sanduzelaien
"Zentsuraren aurkako jaialdia" izanen dela aurreratzen dute antolatzaileek, Sanduzelaiko zubian ospatuko dena goizeko 11.00etatik aurrera. Iruñerriko Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatutako ekimena "jota aldarrikatzaile bat kantatzeagatik" 2025eko Sanferminetan Udaltzaigoaren eskutik jaso dituzten isunak salatzeko baliatuko dute. Hamarnaka artistek hartuko dute parte egitarauan "errepresioaren eta zentsuraren aurkako konpromisoz eta modu guztiz desinteresatuan". Artearen eta kritika politikoaren arteko lotura nabarmendu nahi dute jaialdi honekin.
2026-ko maiatzak 22
Joan den uztailaren 7an, San Fermin eguneko prozesioan, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jota aldarrikatzaile bat abestu zuen balkoi batetik, etxegabetzeak salatzeko asmoz. “Iruñeko udaltzainak jota abestu ez genezan saiatu ziren, mehatxu eginez: “Aldarrikatzailea bada abestera zoazten jota, salatu eginen zaituztegu”, esan zieten udaltzainek. Osotara jasotako isunak 1.800€koak dira, Sindikatuaren bi kideen kontra eta Gedar kazetako kazetari baten kontra. Egoera honen erantzule Iruñeko Udala dela salatzen dute. “Mozal Legea aplikatuz, bi kide eta Gedar Langile Kazetako kazetari bat salatu ditu ustez herritarren segurtasuna asaldatzeagatik, eta bakoitzari 600 euroko isuna jarri dio”, azaldu zuten duela aste pare bat egindako agerraldi batean.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak elkarrizketa batean adierazi zuen ez zuela egoki ikusten adierazpen askatasunaren aurkako zigorrak ezartzea: “Espero dudana da zehapen horien tramitazioak bere helegitea eramatea eta alegazioak egotea, ez baitzait iruditzen zigorrak adierazpen askatasunaren adierazpen bati erantzuteko modurik onena direnik”.

Gehiago
1
1.800€ isuna Sanferminetako Prozesioan etxegabetzeak salatzeko jota bat abesteagatik
50 años después de la muerte de Franco, la policía sigue prohibiendo: “No hay tregua”, de Barricada, no podrá sonar en el Sadar por orden policial
