1.800€ isuna Sanferminetako Prozesioan etxegabetzeak salatzeko jota bat abesteagatik

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak osotara 1.800 euroko isunak jaso ditu joan den urteko San Ferminetako prozesioan jota aldarrikatzaile bat abesteagatik. Mozal Legea aplikatu izana salatu dute, eta maiatzaren 23an Sanduzelaien eginen den jaialdi baten berri eman dute.

2026-ko maiatzak 6

Joan den uztailaren 7an, San Fermin eguneko prozesioan, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jota aldarrikatzaile bat abestu zuen balkoi batetik, etxegabetzeak salatzeko asmoz. “Iruñeko udaltzainak jota abestu ez genezan saiatu ziren, mehatxu eginez: “Aldarrikatzailea bada abestera zoazten jota, salatu eginen zaituztegu”, esan zieten udaltzainek. Gaur, jasotako isunen berri eman dute: 1.800€ Sindikatuaren bi kideen kontra eta Gedar kazetako kazetari baten kontra. Egoera honen erantzule Iruñeko Udala dela salatu dute. “Mozal Legea aplikatuz, bi kide eta Gedar Langile Kazetako kazetari bat salatu ditu ustez herritarren segurtasuna asaldatzeagatik, eta bakoitzari 600 euroko isuna jarri dio”, azaldu dute.


Sindikatu Sozialistaren hitzetan, udaltzainen adierazpen horiek “oso argi erakusten dute instituzioek zer errezeta duten gure jarduera politikoa haiek ezarri nahi dizkiguten mugetatik kanpo egiten dugunoi”.

Isun hauek eskubide politikoen eta kritika politikoa egiteko askatasunaren kontrako “eraso larritzat” jotzen dituzte. “Are gehiago San Ferminetan errepresioak gero eta presentzia handiagoa duen testuinguruan. Isunok ez baitira salbuespena: jai hauetan protesta sozialaren ikusgarritasuna murrizteko saiakera baten parte dira, beste udal gobernu batzuek markatutako joerari segida ematen diona, elkarbizitzaren diskurtsopean kamuflatu arren”, diote.

Iruñeko Udalari isunak erretira ditzala eskatu diote, eta, bestetik, errespeta ditzala adierazpen eta protesta askatasunak. “Isun hauek onartezinak dira, eta aurrekari larria ezartzen dute”, baieztatu dute.

JOTA-KE jaialdia, maiatzaren 23an Sanduzelaien

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Arepas, las de Kardo eta Iruinyard eszena artistikoko kolektiboekin batera maiatzaren 23an Sanduzelaien ospatuko den JOTA-KE jaialdia aurkeztu dute. “Errepresioaren aurrean klase-elkartasuna sustatu eta zentsuraren kontrako diskurtsoa hedatzeko helburuz” eginen da. Aurrerago emanen dute egun osoko egitarauren berri.

Gehiago