Abartzuzako bizilagunek Anderatzeko bideen auzia ikertzeko eta bide publikoak defendatzeko eskatu diote Udalari

Anderatz jauregiaren inguruko bideen itxiera ikertzeko eta hauen izaera publikoa defendatzeko eskatu diote Udalari. Bizilagunek salatu dutenez, Maestro Avila sekta faxistak Argiñanon kudeatzen duen eskola Anderatzera eraman nahi dute, eta herritarrak horren aurka azaldu dira.

2026-ko abuztuak 19

Anderatz Taldeak Udalari eskatu dio, berriro ere, duela urtebetetik hesituta dauden Anderatzeko bideak irekitzeko. Bide horiek Sociedad de Investigación y Estudios Generales, SIEG erakundeak, Anderatzeko eraikin multzoaren jabe denak itxi zituen pasa den urtean. Fernando Ros Ezker Abertzaleko militanteari egindako omenaldian sekta honen ultrekin izandako gorabeheren ondorioz jakitera eman zen bide itxiera hau. Aurtengo omenaldian berriro izan dira trabak omenaldi hau gauzatzeko.

“Behin baino gehiagotan eskatu zaio udalari bere udal eskumenak erabiltzeko eta egindako okerrak zuzentzeko”, azaldu du Anderatz taldeak, baina Udalaren aldetik ez dela inolako erantzunik jaso adierazi dute.

Anderatz Taldearen oharrean azaltzen da ekainetik Udalak berak eskatu eta ordaindutako irizpen juridikoa du, zeinak ondorioztatzen duen bide hesituak publikokoak direla. “Udalaren betebeharra bide horiek berreskuratzeko beharrezko administrazio prozedurak egitea” dela diote, baina Udalak bigarren iritzi bat bilatu du Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan.

“Eskatzen duguna da bideen izaera administratiboki argitzea eta Udalak ikertzeko eskura dituen legezko mekanismoak erabil ditzala. Izan ere, Udalak badu berari dagokion udal-eskumen hori. Ondare-ikerketako espediente bat irekitzeko aukera emango lukeena, edo, bestela esanda, prozesuan egindako akatsen ondorioz sortutako egoeraren kargu salmenta erosteko, eta egoera hori konpontzen eta argitzen saiatzekoa”.

Sinadurak bide publikoen defentsan

Anderatzen inguruko bideen itxierak hamarkadetan zehar normaltasunez egindako erabilera komunitarioa zailtzen du orain. “Bideek erabilera publikoa, eta baketsua izan dute, bai pertsonak eta makinak inolako arazorik gabe igaro dira hamarkadetan zehar. Anderatz inguruan dauden finka partikularren 17 jabek ez dakite nola eskuratu behar dituzten haien jabetzetarako historikoki erabili diren bideak. Orain jabego pribatu bihurtu dira eta hesituak izan dira eta igarotzea eragozten edo baldintzatzen dute. Egoera horrek segurtasun-gabezia larria eragiten duela uste dute. Are gehiago kontuan hartzen badira eskritura eta erregistro-datuak, lursailek bidea baitute mugakide. Eta horixe helarazi diote Udalari, abenduaren 12an 156 sinadurarekin. Titulartasun publikoa duten ondasunak berreskuratzeko eskatuz”.

Bide alternatiboak sortzeko asmoa erakutsi du Udalak, baina Anderatz Taldeak ez du aukera hau begi onez ikusten. “Jakin badakigu Udalak konpentsatu nahi dituela lur-jabe batzuk haien lurrak sal ditzaten bide alternatibo horiek egiteko, eta kasuren batzuetan, presioa ere jasan behar izan dutela Udalaren partetik”. Gastu ekonomiko hau herritarren esku geratzea ere salatu dute.

Protesta Abartzuzako jaietan

“Bide publikoak ez dira saltzen, defendatu egiten dira” lelopean egin zuten protesta abuztuaren 13an Abartzuzako jaien hasierarekin batera, auzokide talde batek pankarta zabaldu zuen herriko plazan. Jaietan zehar txapak eta banderatxoak saltzeaz gain, hezkuntza jarduera lekualdatzeko kezkaren aurrean sinadurak bildu ziren. Izan ere, Maestro Ávila Fundazioak Anderatzeko instalazioak baliatzeko aukera azaldu zuen Hezkuntza kontseilariak. Aukera horren aurrean, auzotar sinatzaileek derrigorrezko eskolatze-adinean dauden adingabeei zuzendutako hezkuntza dagokion administrazio-baimenarekin, eska daitekeen hezkuntza-homologazioarekin eta aplikatu beharreko araudiarekin eskaini behar dela ohartarazi dute.

Gehiago