A30 Greba Feminista Orokorrari begira Herri Akordioa aurkeztu dute “zaintza sistema publiko” baten alde

Larunbatean, Hernanin, Euskal Herriko eragile ezberdinek adostutako Herri Akordioa aurkeztu zuten, azaroaren 30ean eginen den Greba Feminista Orokorra gorpuzten dituen edukiak jakitera emateko. Akordio honen bidez, zaintza eskubide unibertsal bezala aitortzeko eskaera egin eta zaintza sistema publiko-komunitario berri baten beharra plazaratu nahi dute.

2023-ko urriak 9

Herri Akordio honetan Zaintza kontzeptuaren definizioa egiten da. Bizimodu duina eraikitzeko oinarria eta komunitateen eta lurraren iraunkortasunerako ezinbesteko tresna dela aipatzen da; hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko eta kudeatzeko beharrezko zerbait.

Euskal Herrian, egun, zaintzarako zerbitzuak erabat pribatizatuak daudela salatu dute eragile hauek, eta honen erantzule instituzio publikoak jo dituzte. “Guk zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu; hau da, pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin nahi dugu”, adierazi dute.

Zaintza lanen egungo antolamendu soziala eraldatu behar dela uste dute, eta lehentasuna “egun, prekarioen eta kolapsatuen dauden egoerei aurre egitea” dela azpimarratu dute. Bestetik, epe luzera begiratuz “bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatzea eta definitzea” dute helburu, “sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituena”.

Greba feminista orokorra

Hurrengo geltokia azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra izanen da. Euskal Herriko Mugimendu Feministatik abiatu eta herri mugimendu, sektore eta eragile gehiagorekin elkarlanean josten ari den prozesua da, eta horren isla da Herri Akordio hau. Orain arte bildu dituzten hainbat aldarrikapen zehaztu dituzte Akordio honetan. Besteak beste, zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea, sistema publikoa indartzea eta garatzea,  zerbitzuen pribatizazioa amaitzea, , atzerritartasun legea bertan behera uztea, langileen lan baldintzak hobetzea,pentsio duinak ezartzea…

Erantzukizuna eta konpromisoa exijitzen diete arduradun politikoei, izan ere, egoera jasangaitza dela uste dute, eta herritarrei greba feministari begira herriz herri antolatzen ari diren batzarretan parte hartzeko deia egin diete.

Gehiago