37 klub eta elkarte, langileak eta Burlatako 2.300 herritarrak Patronatoak kentzearen aurka azaldu dira

Ekainaren 30eko kontzentrazioa deitu dute eta langileen greba dela eta Burlatako Udalak ezarritako "abusuzko gutxieneko zerbitzuak" salatu dituzte.

2022-ko ekainak 29

Burlatako Udalak osoko bilkuran, ekainaren 30ean, kultura- eta kirol-patronatuak desegiteko prozesuaren hasiera bozkatuko du. Udala urtarriletik ari da prozesu horretan lanean, baina osoko bilkuran erabakia hartu baino 4 aste lehenago jakinarazi die herriko kultur eta kirol erakundeei eta patronatuetan lan egiten duten langileei. Burlatako Udalak “erabateko sekretupean” gauzatu duela prozesu hau kritikatu dute elkarte, eragile eta langile hauek.

Azken egunetan izandako harremanetan, langile eta talde hauek alderdi politikoei eskatu diete patronatuak desegitea erabaki aurretik alde guztiekin elkarrizketa- eta eztabaida-prozesu bat ireki dadila. “Ez dugu ulertzen zergatik Alderdi Sozialistak eta Navarra Sumak uko egiten dioten gure parte hartzeari patronatuak kentzen hasi aurretik. Klubak, elkarteak eta langileak hori eskatzen ari gara, eta alderdi politiko hauek ezetz esaten digute, zergatia azaldu gabe”.

Talde eta langile hauek argudiatzen dutenez, ez dago patronatuak desegitea eskatzen duen erakunderik, ez eta legez kanpokoak direla esaten duenik ere. “Ez dago erabaki hori presaz hartzeko justifikatzen duen arrazoirik. 2018ko Comptos Ganberak egindako txosten batek bakarrik hauteman zituen irregulartasun batzuk Burlatako Udalean eta kultura-patronatuan. Gaur egun, kultur patronatuan, ahal den neurrian behintzat, gabezia horiek zuzenduta daude, eta hori ez da gutxi kontuan hartuta gobernu talde honen politika, zerbitzuen kalitatean ezinbestean ondorioak dituzten bajak ez ordezkatzeko”, esan dute.

Dagoen beste txostena Udaleko idazkariak idatzi du, eta bertan patronatuak kentzea proposatzen du, beste aukera batzuk kontuan hartu gabe,. “Gure ustez aukera gehiago badaude. Txosten honetan ez da ezer zehazten patronatuetako langileen baldintzei buruz: zerbitzu zehatz baterako lan egingo duten, zein eginkizun izango dituzten, zein lan-egutegi mota egongo diren, bajak eta oporrak nola beteko diren… eta Udaleko Giza Baliabideen sailak azkenaldian izan duen jarrera ikusita, itxura guztien arabera, lan bera egin nahi dute, baina langile gutxiagorekin, nahiz eta Burlatari emango zaion zerbitzua nabarmen okertu, pandemian zehar egiaztatu ahal izan genuen moduan, ezarri nahi duten funtzionamendu berria frogatu zutenean”.

Langileak, greban

Ekainaren 18an greba mugagabeari ekin zioten Burlatako patronatuen langileek, baina Udalak “gehiegizko gutxieneko zerbitzuak” ezarri dituela salatu dute. “Gogoratu behar da azken urteotako grebetan Udalak ez zuela gutxieneko zerbitzurik ezarri patronatuetan, eta pandemia garaian ere ez zirela oinarrizko zerbitzutzat jo. Horren aurrean, gutxieneko zerbitzu horien aurkako helegitea aurkeztu dugu epaitegian, grebarako eskubidea urratzeagatik. Gainera, salatu nahi dugu gobernu taldea bidegabe erabiltzen ari dela udal garbiketa zerbitzua erantzuna gaitzesteko”.

Azken asteetan, alderdi politikoekin ere bildu dira langileak eta kirol eta kultura-erakundeak, prozesua geldiarazteko eta lan-mahai bat sortzeko. Herritarren artean, 10 egunez 2.300 sinadura bildu dituzte eta elkarretaratze batzuk egin dituzte, baina ez Alderdi Sozialistak ez Navarra Sumak ez dute jarrera aldatu. “Ez da ulertzen, gutxienez, Alderdi Sozialista, herritarren parte-hartzearen alde agertzen dena, erabat ixtea eta erabaki aurretik lan-mahaia eratzeari uko egitea, zergatia justifikatu gabe”.

Bihar, 37 kultura eta kirol erakundeek eta patronatuetako langileek deituta, elkarretaratzea eginen dute Udal Plazan arratsaldeko 18:00etan.

Gehiago