“322 biztanle ditu Lekarozek, eta 232 etxebizitza egitea astakeria da”

Baztango Lekarozen Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren bitartez, golf zelaiak dituen 232 etxebizitzako bizigunea egin nahi dute, Aroztegia proiektu gisa ezagutzen dena. Miren Meoki Lekarozko alkateak ohartarazi du "egitasmo espekulatzailea da, ondorio kaltegarriak ekarriko lizkiguke eta herritarron hitza ez da kontuan hartzen".

2015-ko irailak 30

Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren izaera aldatu zuen epaitegiak. Izan ere, izaera horrekin, ez lekaroztarren eta ezta baztandarren iritziak ez ziren kontuan hartu. Baina hori horrela izanik ere, proiektua zertxobait aldatuaz, UPNren gobernuak hauteskunde bezperetan UGPS-a onartu zuen. Miren Meoki Lekarozko alkateak Info7 Irratiko Gakoa saioan salatu du "Nafarroan eredu ekonomiko espekulatzaile eta suntsitzailea bultzatu da, gutxiengoen interesetan eta gure iritzia entzun gabe." Baztango 16. herrian bihurtuko litzatekeela golf zelaiak eta hotela aurreikusten duen proiektua eta horrek, ondorio sozial, espazial eta ekonomiko sakonak ekarriko lituzkeela ohartarazi du Lekarozko alkateak. Dei zuzena Nafarroako Gobernu berriari, "proiektua bertan behera utz dezatela" amaitu du Meokik.

Gehiago