3 langile hil dira lan istripu batean Pitillaseko etxalde batean
2026-ko azaroak 4
Hiru pertsona hil dira asteazken honetan Pitillaseko abeltzaintza-instalazio batean lan-istripu batean.
Eguerdian izan da lan istripua. Hiru pertsona harrapatuta geratu dira minda-hobi batean, non oxigeno gutxi dagoen. Langileak Cadreita, Pitillas eta Caparrosokoak dira.
ELA patronalak absentismoaren inguruan zabaltzen duen diskurtsoaren aurka agertu da, eta Lan Osasunaren Nafarroako Institutuaren (NOPLOI) eta Lan Ikuskaritzaren kontrol baliabideak handitzea eskatu du.
Sindikatuak hildakoen senideei eta gertukoei elkartasuna eta babesa adierazi dizkie. Era berean, gertatutakoa lehenbailehen ikertzeko eskatu du “berriro horrelakorik gerta ez dadin neurriak ezartzeko eta erantzukizunak argitzeko”.
ELAk emandako datuen arabera, urte hasieratik, 13 pertsona hil dira Nafarroan beren lanpostuetan (Euskal Herri osoan 46 langile hil dira lan istripuz). ELAren arabera asfixiazko heriotza mota hauek azken urteotan asko errepikatzen dira “eta erraz saihestu ahal izango lirateke sarbidea mugatzeko neurriak, neurketak, aireztapen sistemak eta norbera babesteko ekipamenduak ezarriz”.
Patronalari exijitzen dio absentismoaren inguruko “diskurtso faltsua” alde batera uzteko eta enpresek laneko arriskuen prebentzioan egiten dituzten inbertsio ekonomikoak handitzeko. Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “lan osasunaren arloko elkarrizketa sozialeko politika eraginkorrik gabekoak baztertzeko”, eta NOPLOIren eta Lan Ikuskaritzaren kontrol baliabideak handitzeko, Nafarroako enpresetako segurtasun baldintzak zaintzeko.
5 hildako azken 24 orduetan Euskal Herrian
LAB sindikatuak gogoratu duenez, atzo, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Beraz, Nafarroan gaurkoan izan diren hildakoekin, eta bere datuen arabera, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.
Honen harira, lan osasuneko intersindikalak (LAB-ESK-STEILAS-EHNE/ETXALDE-HIRU-CGT/LKN) mobilizaioa deitu du ostiralean, azaroak 6, 12:00etan Tafallako Udaletxearen aurrean.
LABek salatu du lan-heriotzen atzean patronal-enpresen ardurapekoa den prebentzio falta dagoela eta, bien bitartean, hauek absentismoaren debate iruzurtia lau haizetara hedatu nahian dabiltzala, guztiaren errua langileriari egotziz. “Sindikatuak gaur inoiz baino irmoago salatu du lan-heriotza bakoitzaren atzean badaudela arduradunak: enpresariak zein hauek babesten dituzten politikariak. Gobernuek Osalan edo NOPLOI bezalako egiturak sortu zituzten, finean, betearazpena ez fiskalizatzeko. Hau da, egungo egiturek ez dute benetako kontrolik egiten enpresen gainean eta enpresari gehienek muzin egiten diote lan-osasuneko araudia betetzeari. Hala, urtez-urte istripu tasak betikotu egiten dira eta emaitza langileriak ordaintzen du”, dio LABek ohar batean.
