26 lan-heriotza salatu dituzte Nafarroan 2024an, azken hamarkadetako kopururik handiena

LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariek 2024an Nafarroan izandako lan-istripuei buruzko txostena aurkeztu dute. Sindikatuek emandako datuen arabera, aurreko urtean 26 langile hil ziren lan istripuetan Nafarroan, eta datu hauek, beren afiliatuen sarearen bidez jakin dutela azaldu dute, heriotza horien guztien berri, Nafarroako Gobernuak datu baxuagoa eman baitu.

2025-ko otsailak 11

LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek nabarmendu dutenez, zerbitzuen sektorean gero eta pertsona gehiagok lan egiten duten arren (gaur egun biztanleria aktiboaren % 70 inguruk), lan-istripuek ez dutela etenik. Gainera, adierazi dute ezbehar-tasak altua izaten jarraitzen duela eraikuntzan, industrian eta garraioan, istripu larrien eta hilgarrien tasak handiagoak baitira sektore horietan. Sindikatuek emandako datuen arabera, azken 10 urteetan, gutxienez 612 langile hil dira lan-istripuetan Euskal Herrian, horietatik 141 Nafarroan.

Aurkeztutako txostenaren arabera, 2024an Nafarroan izandako 26 heriotzetatik (azken hamarkadako kopururik altuena), 9 Garraiolarienak izan ziren, 7 Industriakoak eta 4 Eraikuntzakoak. Hiltzeko arrazoi ohikoenak kolpeak edo harrapaketak, altueratik erorikoak eta in itinere istripuak (lanerako bidean edo lanetik) izan ziren. “Datuok erakusten dute sektore batzuetan errazagoa dela hiltzea: Eraikuntzan, Industrian, Garraioan, Basogintzan… Eta beste batzuetan errazagoa da gaixotasun profesionalak garatzea (batez ere afekzio psikosozialak). Azken horietan sektore feminizatuek pairatzen dute egoera bortitzena. Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek, aldiz, ez dute bizitzen uzten”.

Laneko heriotza bezala 2024an ukatu zirenen artean, sindikatuek kasu zehatz bat aipatu nahi izan dute: “irailaren 16ean Irunberrin eraikuntza lanetan ari zen 42 urteko langile bat aldamiotik erori eta
zauri larrien ondorioz hil zen; bada, hasiera batean ofizialki lan istripu bezala kudeatu zuten arren,
mutualitateak Osasunbideak eginiko autopsiaren datuak eskuratu zituen eta horiek baliatuz eragin laborala ukatu zuen eta istripu arrunt gisa kalifikatu zuen”.

Izan ere, salatu dute, Gobernuak zenbait heriotzaren datuak ezkutatzen dituela eta ez dela betetzen ari laneko segurtasuna eta osasuna bermatzeko duen betebeharra. Gainera, patronalak zein eskuinak etengabe darabilten “absentismoaren arazoa” ke-laino bat baino ez dela salatu dute sindikatuek, eta arazo nagusia laneko arriskuak direla, patronalak legedia urratuz eragiten dituen arriskuak.

Horren aurrean, LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek lan-baldintzak eta lanpostuetako segurtasuna hobetzeko borrokan jarraituko dutela aldarrikatu dute.

Gehiago