2020ko Euskaraldiak pandemiari eutsi egin zion, eta 2022ko edizioari begira jarri da

Ariketa soziolinguistikoak parte hartzaileen hizkuntza portaerei eragin diela azpimarratu dute Euskaraldiko antolatzaileek. 2020an egindako bigarren edizioaren parte hartzea, eragina eta antolaketa ikertu dituzte, eta aurten ospatuko den 3. edizioa prestatzen ari dira dagoeneko.

2022-ko otsailak 4

2020ean Euskaraldiaren bigarren edizioa egin zen, eta aurreko ariketan bezala, azken honetan ere ikerketa sakona egin da. Ikerketa horren emaitzak aurkeztu zituzten atzo Bilbon Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak, -Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetako kontseilaria eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria- eta Siadeco ikerketa elkarteko Lide Rekondo eta Unai Oiartzun teknikariak, azterketaren egileak.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren enkarguz, Siadecok, eta Ipar Euskal Herrian Euskararen Erakunde Publikoak aztertu dituzte Euskaraldiak izan duen eragina, bai herritarren artean eta baita parte hartu zuten entitateek sortutako ariguneetan ere. Eta horretaz gain, herrietako batzordeen funtzionamendu eta eragina aztertu dute.

Euskaraldiaren antolatzaileek nabarmendu zuten, lehen ediziotik bertatik oso argi izan dutela ekimena ariketa sozial berritzailea dela, eta horregatik garrantzia berezia eman zaiola orain arte egin diren bi edizioen eragina ikertzeari.

Siadeco ikerketa elkarteko Lide Rekondo eta Unai Oiartzunek ikerketa hiru ikerketa-ildotan banatu dela azpimarratu zuten. Lehenengoan Euskal Herri mailan Euskaraldian izena eman dutenei buruzko azterketa egin da, norbanakoena eta entitateena. Horretarako, Euskaraldiko datu-baseetatik abiatuta, parte-hartzaileen azterketa egin da. Bigarren ikerketa-ildoan parte-hartzaileen, norbanakoen zein entitateen, jardunari eta jardun horren eraginari buruzko azterketa egin da, horretarako teknika kuantitatiboak zein kualitatiboak erabiliz. Norbanakoen kasuan 2.800 inkesta, 45 elkarrizketa eta 11 eztabaida-talde egin dira Hego Euskal Herrian. Eta entitateen kasuan, aldiz, 600 inkesta, 45 elkarrizketa eta 6 eztabaida-talde egin dira. Hirugarren ikerketa-ildoan, berriz, batzordeen eta prozesuen azterketa egin da, 350 batzordetara inkesta bidaliz, 225 informazio-unitate lortuz (batzordeen ia %90a ordezkatzen duten unitateak) eta 25 batzorderekin elkarrizketa sakonagoak eginez.

Datu eta joera ugari agerrarazi ditu Siadecok egindako ikerketa-lanean. Euskaraldiaren bigarren edizioan 178.184 belarriprest eta ahobizik eman zuten izena; 2018an baino gutxiago izan dira (% 20,9). Izen-emate jaitsiera horretan Covid-19 pandemiak izandako eragina nabarmendu zuten koordinazio mahaiko kideek. Baina, bost parte-hartzailetik batek lehen aldiz eman du izena ariketan; belarripresten artean, lehen aldiz izena eman dutenak gehiago izan dira.

Ikerketa honek, aurrekoen moduan, ariketaren inguruko joera asko azaleratu ditu. Erakutsi du, besteak beste, zenbat eta euskaldunagoa izan ingurua, orduan eta altuagoa dela ahobizien kopurua; gune erdaldunagoetan, aldiz, altuagoa da belarripresten proportzioa. Eta lehen edizioan gertatu zen bezala, ahobizi nabarmen gehiago izan ziren belarriprestak baino. 2020an emakumezkoak izan ziren parte-hartzaileen bi heren, eta adin-tarteen arabera, 30-44 urte artekoena nagusitu zen.

Euskararen erabilera handitzea partaideen helburu nagusia
Siadeco ikerketa elkarteko kideek azpimarratu zutenez, parte-hartzaile gehienek euskararen erabilera handitzea izan dute helburu; eta belarripresten artean pisu handiagoa du euskaraz egiteko aukera berriak bilatzeak. Ahobizi eta belarriprest rolaren hautaketa, ordea, hizkuntza-gaitasunarekin lotzea oraindik presente dago. Baina hizkuntza-jokabidearen aldeko hautua ageriagoa da belarriprest rola hautatu dutenen artean.

Kaleko eremuan eman da aurrerapausorik handiena eta egonkorrena, nahiz eta bi rolentzat bertan izan den zailena rolen konpromisoak betetzea. Dena den, lehen pausoa ematea lortu da, eta tinkoago eutsi zaio.

Euskaraldiaren eragina baita ariguneetatik kanpo ere
Entitateetan ariketa lehen aldiz egin zen 2020ean, eta horrek ariguneetan ariketa modu kolektiboan egiteko aukera eman zien herritarrei. Hori horrela, 8.309 egoitzak eman zuten izena 2020ko edizioan, eta haiek, 24.363 arigune sortu zituzten Euskal Herri osoan.

Ikerketak azaleratu duenez, kanpo-arigunea sortzea errazagoa iruditu zaie entitateetako kideei; eta barne-ariguneak lanketa sakonagoa behar izan du. Horrekin lotuta, gune euskaldunetan barne arigunearen ariketa errazago egin dute; kanpo-arigunearena, aldiz, erdaldunetan.

Euskararen aldeko konpromisoa adierazteak pisu handia izan du entitateetan ariguneak sortzeko arrazoien artean, erabilera handitzeak baino gehiago.

Eraginik handiena ariguneetako kideen artean antzematen da —erabilera-mailarik handiena ere, baina gainontzeko harremanetan ere islatu da: arigunetatik kanpoko entitateko kideekin zein entitatekoak ez direnekin.

Koordinazio mahaiko ordezkariek ikerketako emaitzen azterketatik, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den Euskaraldiaren hirugarren ediziorako atera diren ondorioak aurkeztu zituzten.

Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, pandemia garaian Euskaraldia egitearen zailtasuna gainditu izana azpimarratu nahi izan zuen: “2020ko Euskaraldia Covid19aren testuinguruan gauzatzea egokitu zaigu, eta beraz, aurretiko-bitarteko-ondorengo fasetan eragina izan du aldagai honek. Covidaren eragina nabarmena izan da: txapak kalean ikustean, giroan, antolaketan, izen-ematean, mezua zabaltzean, rolak betetzerakoan, parte hartzeko aukeretan… Kaleko presentzia asko gutxitu da pandemiaren eraginez eta bagenekien horrek ariketan bertan ere eragingo zuela”. Hala ere, “partaideek, oro har balorazio ona egiten dute Euskaraldiaren gainean”.

“Partaideek egiten duten Euskaraldiaren balorazioa bizipenei oso lotuta dago, norberak egindako aurrerapausoei eta gizarte mailan ikusten diren jokabide aldaketei oso lotuta. Aurrerantzean Euskaraldiak aurrerapauso eta lorpenetan horietan jarriko du arreta, orain arte egin du, baina aurrerantzean askoz gehiago”.

Era berean, 2022ko ariketa soziala ikusgarriago egin beharra azpimarratu zuen Amonarrizek, aktibazioaren urtea izango dela azpimarratuz. Horretarako, alde batetik, kalea berreskuratu beharra azpimarratu zuen eta, beste aldetik, identifikagarri eta txapen erabilera indartzeko lan egingo dela, horrek ariketan eragin positiboa duela azpimarratu baita ikerketan.

Gehiago