2.000tik gora lagun mobilizatu dira gaur Euskal Herriko 15 hondartzetan

Gaur egun, 180 euskal preso politiko ditugu eta horietatik, 41 Euskal Herritik kanpoko espetxe periferikoetan eta Espainiako beste espetxe batzuetan daude, eta Frantziako espetxeetan, berriz, 17.

2022-ko abuztuak 7

Esan beharra dago egoera nabarmen hobetu dela euskal presoentzat eta senideentzat, baina esan beharra dago, baita ere, Espainiako eta Frantziako estatuek espetxe salbuespenari eustea anakronikoa dela, eta are okerragoa dena, ez dute aintzat hartzen euskal gizarteak herri honen etorkizunerantz aurrera egiteko hartu duen erabakia. Inmobilismoa da nagusi, alegia, epaile batzuek, zenbait eremu politiko eta mediatiko eta biktimen zenbait elkarteek, mendeku gisa, mantentzen duten jarrera da nagusi.
Salbuespenezkoa eta anakronikoa da, biolentzia zikloa amaitu eta ia hamaika urtera, euskal presoak oraindik ere urrutiko espetxeetan geratzea. Salbuespenezkoa da era berean, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 17 presoak aske ez ustea, 70 urte baino gehiago dituzten 7 euskal presoak bezala. Ezin dira beste egun batez espetxean eduki Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Unai Parot, duela 32 urte baino gehiagotik preso egon ondoren. Bestetik, 24 erbesteratuen eta 8 deportatu politikoen itzulera errazteko ordua da.
Zuzenbidearen aurkakoa da 6 presok baino ez izatea irteera-baimenak, iada betetako zigorraren urteengatik, ohiko legaltasuna aplikatuko balitzaie, 151 presok hori egiteko aukera izan beharko lukete. Salbuespenaren eta mendekuaren mantentze bera da, 27 preso bakarrik baitaude hirugarren graduan, 122 preso egon beharko luketenean.
Eskertu nahi dugu hondartzetara gaur etorritako guztien ahalegina. Gaur, Euskal Herriko kostaldean egin den mobilizazio honetan, euskal gizarteari, eragile politikoei eta sozialei eskatzen diegu herri honen etorkizunaren aldeko apustua egiten jarraitzeko. Ezin da euskal gizartea kondenatu errezoluzioa eta bizikidetzaren eraikuntza mugarik gabe atzeratzera.

Gehiago