1.500 sinadura bildu dituzte NUPen euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko

Euskaraz Ikasi Nahi Dugu dinamikaren helburuak ikasle euskaldunen komunitatea sortzen hastea eta NUPeko instituzioei ikasle hauen beharrak adieraztea izan dira.

2019-ko apirilak 11

Unibertsitateak euskara eskaintza handitzeko ezezkoaren aurrean, aste bakar batez hainbat campusetan, ikasle, irakasle eta langileen artean 1 500 sinaduratik gora bildu zituzten Euskara Taldekoek: “Datuek argi erakusten dute, euskaraz ikasteko nahia eta aldeko babesa esanguratsua dela”.

Euskaraldia babestu zutela gogorarazi diete Euskara Taldekoek Unibertsitateko karguei, baina ondoren, euskararen aldeko pausurik ez egitea leporatu diete eta egoera hau konpontzeko bidea zein den argitu dute: “Erretoretzak eta fakultateak erraz dute arazo honekin bukatzeko, euskaraz ikasi nahi dutenei euskaraz ikasten uztea”.

Ikasturte bukaerara arte egingo dituzten dinamikak ere aurkeztu dituzte Euskara Taldekoek. Besteak beste, Unibertsitatean euskararen errealitatea islatzen duen dokumentu bat prestatuko dute eta informazioa departamentuetako langileei bidaliko zaie. Gainera, hauteskunde kanpainan, hautagaiekin biltzeko asmoa erakutsi dute, euskararekiko zein konpromiso duten jakiteko eta beraien eskakizunak egiteko.

Bukatzeko, hurrengo urtera begira, honakoak eskatu dituzte: irakasle lehen hezkuntzan bi talde egotea, erizaintzan hurrengo urtean euskarazko eskaintza handitzea, fisioterapian euskarazko 18 kredituko eskaintza egitea eta Plan estrategikoaren helburuak betetzeko bidean, gradu ikasketa guztietan euskarazko eskaintza handitzea.

Gehiago