Haur eskolak euskaraz

Iruñeko Udalaren enegarren erasoa euskararen kontra. Iruñean dauden 16 haur eskoletatik, bakar bat utzi nahi du euskarazko murgiltze ereduan.

LAB irakaskuntza 0-3 zikloa

2021-ko urtarrilak 28

Bidegabekeria berriro Iruñeko Udal Haur Eskoletan, Iruñetik kanpo eredu diren eskoletan, bertako agintariek behin eta berriro erasotzen dituzten horietan. Azken Mayakeria, Udalak hurrengo ikasturterako egin duen proposamena, ezagutu genuen joan den asteartean. Planifikaziorik gabe, adostasunik gabe eta inongo hausnarketa pedagogikorik egin gabeko proposamena, ohi duen legez. Eta honek guztiak orain arte eskola hauek jarraitu duten filosofia eta egiteko era suntsitzea ekarriko du ondorioz.

Gu hizkuntzen alde gaude: ingelesaren alde, gaztelaniaren alde, euskararen alde. Baina hizkuntza horiek ikasteko beharrezkoak diren kalitatezko ereduak bultzatuz, eta ez beraiek proposatzen dituzten eredu txapuzeroak; benetako hizkuntzen ezagutza sustatu beharrean, beste helburu batzuk bilatzen dituzte.

Oraingo honetan bururatu zaien ideia euskara ingelesarekin nahastea izan da, bi eredu mistoko eskolak bultzatuz (gaztelania ingelesezko ekintzekin eta euskara ingelesezko ekintzekin eskola berean). Zer da hori?! Hizkuntzalaritzak berak irizpide hauek ez lituzke onartuko. Benetan modelo horrekin ingelesezko hezkuntza bultzatu nahi dute ala helburua beste bat da? Ingelesa sartzen badugu, iada kaltetua dagoen hizkuntza bat are gehiago kaltetuko da. Hizkuntza gutxitua beste bi hizkuntza boteretsuren ondoan jartzen badugu, zein da nagusituko dena?

EZ DUTE INOLAKO HIZKUNTZA-OINARRIRIK, EUREN OINARRI BAKARRA IDEOLOGIKOA DA: EUSKARA “RESIDUALTZAT” UZTEA, EZABATZEA.

Instituzioetan, argi gelditu da bakoitzak hartu duen posizioa. PSN Na+ren ondoan lerrokatu da, eta Geroa Baik -posibilismoarekin jokatuz-, I-Ek eta Podemos-Ahal Duguk, Haur Eskolak Euskaraz plataformak mahai gainean jarri zuen gutxieneko proposamena publikoki babesteko ausardia falta kezkagarria erakutsi dute. Beraz, BIDEGABEKERIA honen eragile dira batzuen EUSKARAFOBIA eta besteen KONPLIZITATEA.

INBOLUZIO kezkagarria bizitzen ari garena. PSNk duela 30 urte euskara bultzatzeko zerabilen politika aurrerakoiagoa zen oraingoa baino. Na+ren helburua euskara ezabatzea bada, zein da besteen hautua horren aurrean? Beste aldera begiratzea?

Espainiar ultra nazionalismo linguistikoa gizartean errotuta dago; normaltzat hartzen da, komunikabideetan agertzen delako eta pertsona ospetsu askoren diskurtsoetan entzuten dugulako. Supremazismo lingüistikoaz ari gara. Gaztelania euskara baino gehiago dela sinestarazi digute. Euskara hizkuntza ilegitimo, alferrikako eta baztertzaile modura aurkezten digute, hizkuntza komuna (gaztelania) menderatu nahi duen hizkuntza bezala. Eta GEZURRETAN ari dira. Maila bereko hizkuntza dela ulertu behar dugu, euskaldun modura ahaldundu egin behar gara, ezarri dizkiguten konplexuak baztertu eta aurreiritzietatik aldendu. Euskara gure superboterea delako, gure altxorra, babestu eta zaindu behar duguna.

IRTENBIDEA nahi dugu eta horretarako jendartearen ENPATIA lortu behar dugu. Gure seme-alaben hizkuntza eskubideak bermatzea eskatzen ari gara, besterik ez. Hezitzaile euskaldunok gure hizkuntzan lan egin nahi dugulako. Euskaraz bizi nahi dugulako.

Horregatik guztiarengatik ostiral honetan, arratsaldeko 18:00etan, Hezkuntza Departamentutik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera animatu nahi zaituztegu. Egoera benetan larrian gaudelako, euskarak behar gaituelako.

Gehiago