Euskarazko eredua eskainiko da aurten Antsoaingo haur eskolan

Antsoaingo Udalak datorren ikasturtean haur eskolan euskarazko eredua ezartzeko azken urratsa eman du. “Antsoainen haur eskola euskalduna!” herri ekimena pozik agertu zen hartutako erabakiarekin.

2021-ko otsailak 11

Aurreko astean, hezkuntza batzordean, 2021-2022 ikasturtean haur eskolan euskarazko eredua abian jarriko dela jakinarazi zuen udalak.

“Antsoainen haur eskola euskalduna!” herri ekimenak hiru urte eman ditu aldarrikapen hori zabaltzen, eta atzo kaleratutako oharrean pozik agertu ziren bertan biltzen diren gurasoak. “Pozik gaude udalak hartutako erabakiarekin -urte luzez, herriko haurrei herrian euskara ezagutzeko eta euskaraz hezituak izateko eskubidea ukatu baitzaie- ; eta pozik gaude nola ez, gurasook egin dugun lanarekin; herritarron aktibazioa izan baita lorpenaren gakoa. Mobilizaziorik gabe ziur gara ez ginatekeela egoera honetan egongo”.

Udalaren hitzetan, euskal adarra era progresiboan ezarriko da, aurten txikienekin hasi eta hurrengo ikasturtetik aurrera 0-3 urteko ziklo osoa euskaraz egin ahal izanen da. “Guri, herri ekimena martxan jarri genuen gurasoon haurrei, neurriak ez digu zuzenean eragingo. Baina guretzat une honetan garrantzitsuena: herriari eta hurrengo belaunaldiei egin diogun ekarpena da”, nabarmendu dute.

Guraso berriak animatu nahi dituzte beraz, “euskara eman diezaieten” euren seme-alabei Antsoaingo haur eskolan euskarazko ereduan matrikulatuz.

Antolakuntzaren eta borrokaren balioa azpimarratu nahi izan dute   “Antsoainen haur eskola euskalduna!” herri ekimenakoek. “Antsoainen aldaketa borrokaren bidez eman da; Mendigorrian ere bai…jarrai dezagun euskaltzaleok dagozkigun hizkuntza eskubideen aldeko “domino efektua” herriz herri hauspotzen; tokian tokiko beharretatik abiatuta, antolatzen.”

Gehiago