ELAk Iruñeko haur eskoletako langileak animatzen ditu greba deialdiarekin bat egitera

Iruñeko Udalak aurkeztutako eskaintzaren berregituratzea onar ez dezan eskatuko diote langileek Nafar Gobernuari haur eskoletan sindikatuek deitutako greba egunean.

2021-ko otsailak 4

Iruñeko haur eskoletan ordezkaritza duten sindikatuek, hots, CCOO, LAB eta AFAPNAk, otsailaren 12rako greba deialdia egin dute, 2021-2022 ikasturterako Iruñeko Udalak eskaintza linguistikoan egindako birmoldaketa bertan behera geratu dadin.

Langile batzordeek esan bezala, Iruñeko Udalak aurkeztutako proposamenean ez da inolako partehartzerik egon. Irizpide profesional, tekniko eta pedagogikoei bizkarra emanez atera du aurrera Udalak berregituratze hau. Honez gain, ELA sindikatuak salatzen du euskaraz hezitzen den haur eskoletan ingelesa sartzeak euskararen ikaste prozesua okertuko duela.

Bestalde, 0-3 zikloa Hezkuntza departamentuan integratzeko aldarrikapenarekin ere bat egiten du ELAk.

Honengatik guztiagatik, otsailaren 12an Iruñeko haur eskoletako langileek egingo duten grebari ELAk babesa ematen dio.

Gehiago