STEILASek bat egiten du Iruñeko haur eskolen greba deialdiarekin
STEILASek babes osoa adierazten die Iruñeko haur eskoletako langileei.
2021-ko otsailak 4
Otsailaren 12rako CCOO, LAB eta AFAPNA sindikatuek (Iruñeko haur eskoletako langileen batzordean ordezkaritza duten sindikatuak) langileak grebara deitu dituzte, eskatzeko Nafarroako Gobernuak onar ez dezan 2021-2022 ikasturterako Iruñeko Udalak egindako hezkuntza-eskaintzaren berregituratzea.
STEILASek babes osoa adierazten die langile horiei guztiei, daramaten borrokan.
Batzorde horretako sindikatuek baieztatu duten bezala “proposamen berri honen lanketan ez dute parte-hartzerik izan ez zuzendariek, ez hezkuntza taldeek ezta langileen batzordeek ere; ez da kontuan hartu proposamenari balio pedagogikoa emanen dion hizkuntza proiekturik edo azterketarik”. “Inplikazio pedagogikoez aparte, eskolen antolaketan eta lan taldeetan izan ditzaketen ondorioak gehitu behar zaizkio”. Horrek guztiak Iruñeko Haur Eskolen hezkuntza proiektua baldintzatu dezake.
STEILASek eta hezkuntza komunitatea osatzen dugun gainerakook urteak daramatzagu gure kezka eta haserrea erakusten Iruñeko Udalari eta Nafarroako Parlamentuko ordezkariei, adierazten Nafarroako berezko bi hizkuntzetan ikasteko eskubidea urratzen dela, alegia. Orobat, jakinarazi diegu beharrezkoa dela Hezkuntza Departamentuaren menpeko 0-3 ziklo publikoa eta kudeaketa bateratukoa. Gisa horretan baizik ez dira bermatuko haur hezkuntzan (0-6an) ekitatea, doakotasuna eta unibertsaltasuna eta lan baldintza duinak ziurtatzea.
STEILASek bere egiten ditu eskoletako langileek adierazitako aldarriak, eta dei egiten digu hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztioi, langileek antolatuko duten greba deialdian eta mobilizazioetan parte har dezagun.