ELA: “Iruñeko Udalak haur eskoletan PAI moduko eredua ezarri nahi du”
ELAk 0-3 zikloan ingelesaren inposaketa mugatzeko eta euskarazko edo gaztelaniazko murgiltze eredu baten alde egiteko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari.
2021-ko urtarrilak 28
Oinarrizko irakaskuntzan atzerriko hizkuntza bat komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzea ez da inon egiteen, are gutxiago 0-3 urte bitartean. Nafarroan, ordea, euskarafobiak horrelako neurriak bultzatzen ditu. Izan ere, alderdi politiko batzuek nahiago dute haurren hezkuntza bera sakrifikatu, euskara garatzen ikusi baino.
Barcinaren gobernuak 2011-2012 ikasturtean ezarri zuen lehen aldiz PAIa, aurretiko azterketarik eta proiektu piloturik egin gabe, eta entzungor eginez Hezkuntza Saileko Ingeleseko eta Ikuskaritzako zerbitzuen aurkako txostenei. Bigarren fasean, 2012tik 2015era, azeleragailua zapaldu eta 60 eskola berri sartu zituzten PAI programan. Gaur egun, Castejongoa bezalako ikastetxe batzuek uko egin diote programa horri, ez baitute ikasgaien edukiak sakrifikatzen jarraitu nahi. Izan ere, PAI arazoa da, konponbidea baino gehiago. Orain, Mayak Barcina imitatu nahi du, eta ustezko ingelesezko elebidun eredua sartu haur-eskoletan.
Bestalde, pedagogi aldetik, adin goiztiarreko haurrek hezitzaile-erreferente bat behar dute, erreferente hori hizkuntza batekin lotu ohi dute. Horregatik, hezitzaileen egonkortasun laboralaz gain, ezinbestekoa da umeek beraiekin hizkuntza batean denbora partekatzea. Hori murgiltze eredu batekin bakarrik egin daiteke, nahiz hizkuntza hori gaztelania, euskara edo txinera izan.
Nafarroako Gobernuak 0-3 zikloan PAIren erreplika hori geldiarazteko duen aukeraren aurrean, ELAk ingelesaren inposaketa hau mugatu eta kalitatezko murgiltze-eredu integratzaile bat bultzatzea eskatzen du, non haurrek Nafarroako komunikazio-hizkuntzen ikaskuntza eskuratu ahal izango duten.