Espainiako Ingurumeneko Estatu idazkariarekin bildu dira trenaren aldeko eta AHTren aurkako Arabako eta Nafarroako plataformak

Hugo Moran Espainiako Ingurumeneko Estatu idazkaria AHTren aurkako eta trenaren aldeko Arabako eta Nafarroako plataformekin bildu da telematikoki.

2021-ko urtarrilak 14

Bileran, funtsezko gai hauek helarazi ahal izan dizkiogu Ingurumen Ministerioko ordezkariari:
• Nafarroan eta Araban Abiadura Handiko Trenaren erabilera esklusiborako trenbide-plataforma berri bat eraikitzeak eragiten dituen ingurumen-inpaktu larrien berri eman da. Proiektatutako plataforma berri hori gaur egungo trenbidearen alboan eraikiko litzateke.
• Kaltetutako udal eta kontzejuen ezinegona eta kezka adierazi da, AHTarentzat esklusiboa den trenbide-korridore berri bat egiteak desjabetzeak, ingurunearen gaineko eragin larriak, landa-eremuen isolamendua, despopulazioa, enpresen deslokalizazioa eta beste eragin negatibo batzuk ekar ditzakeelako. Era berean, dagoeneko eraikitzen ari direnak gelditzeko eskatu da.
• Abiadura handiko trenbide-plataforma berri bat eraikitzeari alternatiba bat proposatu diogu: “Egungo trenbideak egokitzea, mota guztietako trenen erabilerarako (eskualdekoak, distantzia ertain eta luzea, prestazio handiak eta merkantziak)”.
• Trenbide-plataforma berria eraiki beharrean, “0 alternatiba” (egungo trazadurak hobetzea eta egokitzea) hautatzea eskatu dugu.

Duela egun batzuk, Errioxako presidentea den Concha Andreuk, Garraio eta Mugikortasuneko eta Hiri Agendarako José Luis Ábalos ministroak eta ADIFeko presidentea den Isabel Pardo Verak AHTa epe laburrean Logroñora egungo bideetatik iristea ahalbidetzen duen “protokolo” bat sinatu zutela jakin izan genuen eta positiboki baloratu genuen albistea.

Gaur, Arabako eta Nafarroako plataformek gauza bera eskatu dugu, proiektu horiek aurkeztu zirenetik egin dugun bezala. Egungo trenbideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritutako irtenbide bat proposatu dugu. Horrez gain, Nafarroaren kasuan, zabalera europarra duen trenbidearen bikoizketa ere; horrela, mota guztietako trenen garraioa ahalbideratu dezakeen azpiegitura bat izatea lortuko litzateke. Irtenbide horrek, gainera, lurraldea kohesionatu eta herriak, eskualdeak, hiriak eta industrialdeak lotzeko aukera ematen du, ingurumena errespetatuz eta eta etorkizunerako bideragarriak diren kostu ekonomikoekin.

Ildo horretan, Ingurumeneko Estatu idazkariak plataformei adierazi die Ministerioaren planteamendu estrategikoaren helburua dela gaur egungo azpiegiturak hobetzea eta egokitzea, azpiegitura berriak egin aurretik. Hau da, bidaiariek eta merkantziek erabiltzea, azpiegiturak bikoiztu gabe.

Bai Errioxako Gobernuak, Adif erakundeak eta Sustapen Ministerioak elkarlanean egindako proposamenak eta baita gaur Ingurumeneko estatu-idazkariak adierazitako jarrerak erantzukizun politiko arduratsu baten erakusgarri dira. Horrenbestez, erakundeek ildo hau jarraitzen badute, baikortasunez eta epe laburrean garai berrietara egokitutako erabakiak hartuko direnaren esperantza areagotu zaigu.

Sustapen Ministerioari, Espainiako Gobernuari eta ADIFi eskatzen diegu Errioxako bideari jarrai diezaiotela eta, erantzukizunez jokatuz, Burgos-Gasteiz/Gasteiz-Iruñea/Iruña abiadura handirako trenbide-plataforma berrien proiektuak bazter ditzatela “0 alternatibaren” alde eginez, hau da, egungo trenbideak hobetzearen alde.

Gehiago