LABek elkarretaratzea egin du Tasubinsak duela bi hilabete kalean utzi zuen delegatua berriz har dezaten eskatzeko
Gaur goizean LAB sindikatuko delegatu talde handi batek elkarretaratzea egin du Arazuri-Orkoien industrialdean, Tasubinsako bulego nagusien aitzinean, zuzendaritzari eskatzeko enpresak duela bi hilabete kalean utzi zuen delegatu sindikala berriz har dezan. LABek adierazi du mobilizatzen segituko duela enpresak bere delegatua berriz hartu arte.
2020-ko abenduak 11
LABek berriz salatu duenez, desgaitasuna duen langile hori, bi urte eta erdi zeramatzana lanean -azken biak modu aktiboan, langile guztien legezko ordezkari gisa-, kalean utzi zuten bere kontratua hasieratik mugagabea izan behar zela erreklamatu zuelako.
Era berean, salatu du Tasubinsak -900 langile dituen eta diru-kutxa publikotik milioika euro jasotzen dituen Nafarroako enplegu-zentro bereziak- desgaitasuna duten pertsonen behin-behineko kontratazioa sistematikoki erabiltzen duela, pertsona horiek kontratuz kontratu 3 urtera arte ziurgabetasunean eta etorkizunerako bermerik gabe edukiz.
LABek berretsi du mobilizatzen segituko duela kaleraturiko delegatua berriz onar dezaten, lan nahikoa dagoela uste baitu, eta delegatua defendatzea langile guztiak defendatzea dela uste baitu.