Migranteen erregularizazioa bultzatzea eskatu diote Espainiako Gobernuari
Espainiako gobernuari eskatu diote Estatuan egoera administratibo irregularrean dauden pertsona guztien erregularizazioa bermatzea "baldintzarik gabe eta behin-betiko".
2020-ko uztailak 19
“COVID19ak pertsona arrazializatu eta migratuen prekarietate egoera agerian utzi eta larritu egin du eta hori gutxi balitz, atzerritartasun legearekin gure eskubide sozial eta ekonomikoak are gehiago urratu egin dituzte. Gure gorputzak lehenengo lerroan jarriz, gure lagun eta bizilagunak lagundu ditugu eta hazkunde ekonomikoa bultzatu dugu, ezkutuko ekonomiarekin bada ere”, salatu dute gaur eguerdian Iruñean egindako kontzentrazioan.
Euren eskubideak, askatasuna eta duintasuna errekonozitu arte lanean jarraituko dutela adierazi eta gero, hainbat eskaera egin dituzte: pertsona migratu guztiak berehala, behin-betiko eta baldintzarik gabe erregulatzea, CIE eta CETI guztien itxiera, zaintza lanetan ari diren pertsona eta emakume migratuen, errekonozimendua eta kualifikazioa, atzerritartasun legea berehala indargabetzea eta polizia-indarkeria arrazista eta arrazakeria instituzionala jasan duten pertsona guztientzako justizia egitea, profil etnikoaren araberako sarekada arrazisten amaiera eta kale saltzaileen kriminalizazioaren bukaera eta baldintzarik gabe pertsona guztiak erroldatzea Euskal Herrian.
Erregularizazioa oinarrizko eskubidea dela eta pertsona guztien duintasuna lortzeko lehenengo pausua dela gogoratu dute. “Ez da karitatea, justizia soziala da”, azpimarratu dute.