Iruñerrian herri haur eskola euskalduna sortzeko lokala topatu dute eta aurrematrikulazio epea datorren astean zabalduko dute

Iruñeko Decathlon ondoan Herri Haur Eskola bat irekiko da datorren ikasturtean Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak euskarazko eskaintzari erantzun egokia ematen ez dutelako. HE gurasoak plataformak aurrematrikulazioa uztailaren 2tik 10era bitartean egingo dela iragarri du, modu presentzialean zein telematikoan.

2020-ko ekainak 27

Iruñeko haur-eskoletan eskaintzen diren euskarazko plaza kopuru urriaren aurrean Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak irtenbiderik ematen ez dutenez, HE Gurasoak plataformak datorren 2020-2021 ikasturterako guraso-kooperatiba batek kudeatutako herri haur eskola bat irekiko duela iragarri du. Hala ere, plataformak alderdi politikoekin biltzen jarraituko duela adierazi du, bai ikasturte honetarako diru-laguntzak eskatzeko, bai datorren ikasturterako “euskarazko plazen eskaintza egoki bat” egin dezaten eskatzeko, herri haur eskola itxi eta sistema publikora itzuli ahal izateko.

Plataformak argi izan du hasieratik lokalak, eskatutako osasun ordenantza eta hirigintza baldintzak bete behar dituela. “Geografiaren ikuspuntutik, Iruña hegoaldea lehenetsi da lokalen bilaketan, egungo eskaintza publikoak iparraldeko auzoetan biltzen baitu euskara. Eremu horretan lokal egokirik ez dagoenez, eta obrak egiteko eta lizentziak eskatzeko epeak baloratu ondoren, bilaketa Iruñeko gainerako auzoetara eta inguruko herrietara zabaltzea erabaki da”, esan dute HE Gurasoak plataformatik. “Azkenik, Decathlon ondoko lokal batek (Oianondoa kalea 8) hartuko du herri haur eskola ikasturte honetan, hurrengo ikasturtean sistema publikora itzultzeko zain”, adierazi du plataformak, eta gaineratu du “lokal horrek lizentzia du eta ez du obrarik behar. Erabiltzeko prest dago, eta urrutiago bizi diren eta autoz mugitzen diren familiei sarbide erraza ematen die “.

Uztailaren 2an aurrematrikula epea irekiko da eta uztailaren 10era arte luzatuko da. Horretarako, mezu elektroniko bat bidali beharko da hegurasoak.harrera@gmail.com helbidera. Gainera, hala nahi duten familiek aurrez aurre egin dezakete aurrematrikulazioa uztailaren 2an eta 3an, aurretik 603261528 zenbakira deituta hitzordua hartzeko. Familiei gogorarazten zaie errolda-ziurtagiriaren kopia bat eta errenta-aitorpenaren beste bat aurkeztu beharko dituztela, plataformaren helburua sistema publikoaren ahalik eta antzekoenak diren tarifak ezartzea baita.

Gehiago