“Laukoaren” Euskararen Ordenantzak eraginik ez, Iruñean
Irailean, Iruñeko Udalak deialdiak egin zituen irakasleen zerrendak eratzeko Musika Eskolarako, tronparako, tronpetarako, biolinerako, perkusiorako eta gitarra elektrikorako. Ez zuen puntuatu euskaraz jakitea.
AET – Administrazioan Euskaraz Taldea
2020-ko ekainak 25
Horren aurrean, herritar batek errekurtsoak aurkeztu zituen Nafarroako
Administrazio Auzitegian, euskaraz jakiteari gutxienez ere % 5eko balorazioa eman
behar zitzaiolako, Euskararen Ordenantzaren arabera. Oraindik ere indarrean zegoen
“laukoaren” Euskararen Ordenantza, argitaratu zena 2019ko maiatzaren 14an, eta
indarra hartu zuena maiatzaren 29an.
Hauxe zioen Euskararen Ordenantzak:
“17. artikulua. Balorazioa merezimendu gisa.
1.- Herritarrekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa
% 5 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa), eta
harreman zuzena duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 10 izanen da”.
Administrazio Auzitegiak hauxe erabaki zuen, 2020ko martxoaren 20an: haren
ustez ez da aplikatzekoa Euskararen Ordenantza, ez zirelako oposizio-lehiaketak
(azterketak + merezimenduak) baizik oposizio hutsak (azterketak bakarrik), eta, haren
ustez, euskara baloratu behar da soilik oposizio-lehiaketetan.
Horren aurrean, hauxe esan behar dugu: Euskararen Ordenantzak ez zuen
horrelako bereizketarik egiten: Euskararen Ordenantzak zioen “lanpostuetan
euskararen balorazioa % 5” gutxienez izanen dela. Hori bai, zehazten zuen portzentaje
hori kalkulatuko zela “deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa)”; izan
ere, Nafarroan, gehienetan honela kalkulatzen da euskararen puntuazioa: adibidez,
deialdi batean azterketak 70 puntu ematen baditu, eta merezimenduek 30, euskararen
puntuazioa 30 horien gainean kalkulatzen da. Beraz, Euskararen Ordenantzan,
zehazten zen “deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa)” kalkulatuko
zela.
Nafarroako Administrazio Auzitegiak ez du Euskararen Ordenantza aplikatu
nahi izan eta aitzakia asmatu du. Nonbait, erabat tokiz kanpo iruditu zaio musika
eskolak euskaraz ematea eta gurasoek euskarazko musika eskolak aukeratzea euren
seme-alabentzat.
Nolanahi ere, aipatu behar da Euskararen Ordenantza onetsi zutenek
(“laukoak”) ere aukera eta betebeharra izan zutela Euskararen Ordenantza
aplikatzeko; izan ere zazpi deialdi egin zituzten beren agintaldia bukatu aurretik,
Euskararen Ordenantza berria indarrean zela, eta haiek ere ez zuten euskara
puntuatu. Baldin haiek ere Administrazio Auzitegiak bezala interpretatu bazuten, hau da, oposizio-lehiaketa behar zuela izan euskara puntuatzeko, ba aski zuten sistema
hori erabiltzea.
Euskararen gaineko arauak onak izan daitezke, baina ez dute deusetarako
balio baldin aplikatu behar dituztenek aplikatzen ez badituzte eta betearazi behar
dituztenek betearazten ez badituzte. Honelako agintari eta epaileekin (Administrazio
Auzitegiaren kasuan Zuzenbideko lizentziadunak dira) arras babesgabe gaude
euskaldunak.
Euskararen Ordenantza hori jada ezabatu egin dute ordenamendu juridikotik.
Ez du eragin praktikorik izan.