Epaileak Berriobeitiko Udalari hizkuntz profileko lanpostuak zehazteko ahalmena kendu dio, botereen banaketa berriz urratuz

18/1986 Euskararen Legeak eremu mistorako hau dio:

AET – Administrazioan Euskaraz Taldea

2020-ko maiatzak 26

“Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute
Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko. 

Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau
egin dezakete: 

a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako
izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea. 

b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu
moduan baloratzea”. 

Berriobeitiko Udalak ahalmen hori erabili zuen eta zenbait lanpostutan
euskarazko hizkuntz profila jarri
zuen. UPNko kide baten helegite baten ondorioz,
Nafarroako Administrazio Auzitegiak zenbait lanposturen kasuan ezabatu zuen:
Idazkariaren, kontu-hartzailearen, aparejadorearen, gazte-teknikariaren eta aguazilen
lanpostuetan. 

Udalaren helegitearen aurka, Administrazioarekiko Epaitegiak berretsi du orain
hizkuntz profilak ezabatu izana. Auziaren kostuak, gainera, Udalak ordaindu behar ditu. 

Antza denez, lanpostu horiek ez dira egokiak euskara erabiltzea bermatzeko.
Epailearen ustez, lanpostu horiek lortuko dituztenek ez dute lanean behin ere hitz
eginen hurrengo 30 urteetan Berriobeitiko herritarrekin, itxialdian, konfinamendu bete-
betean lan eginen omen dute. 

Legeak Administrazioei ematen die ahalmena hizkuntz profileko lanpostuak
zehazteko, baina epaileak ahalmen hori kendu egiten die. Berriz ere botereen
banaketa klasikoa apurtu egin dute. Legea aplikatu beharrean, demokratikoki
aukeratutako ordezkarien gainetik kokatu dira berriz epaileak. 

Bada garaia euskaldunok eta euskaltzaleok erreakziona dezagun, epaileen
aurrean erabat babesgabe gaudelako eta konturatzen ez garela ematen du.

Gehiago