Iruñeko udalari moratoria bat eskatu diote haur eskolen aferan euskarazko eskaintza bermatzeko
Plataformak aurten inor asetzen ez duten aldaketa arinik ez egiteko eskatu du. Era berean, plazen murrizketak eragindako familiei irtenbidea emateko alternatiba errealetan lanean ari dela jakinarazi du.
2020-ko maiatzak 10
HE gurasoak Iruñeko Udaleko indar politiko guztiekin bildu da aste honetan zehar, haur eskoletan emango diren euskarazko plazen murrizketen aurrean konponbideak eskatzeko.
NA+-rekin egindako bileran, Fernando Sesmak adierazi zuen berriki egindako inkestako datuak erabiliko dituztela beste tresna batzuekin batera, 2021-2022 ikasturteko eskaintza egokitzeko. Oposizioarekin egindako beste bilera batean, Maite Esporrinek (PSN) zehaztu zuen, epeak direla eta, inkesta ez dela erabiliko ikasturte honetan aldaketak egiteko. Hori guztia dela eta, HE Gurasoak plataformak “epaia betetzeko luzamendua eskatzen dugu, ez baitu zentzurik ikasturte honetan aldaketa batzuk egiteak, jakinik ez direla baliozkoak eta datorren urtean aldaketak berriro ere egin beharko direla”.
2020-2021 ikasturterako egon daitezkeen aukerei buruz galdetuta, NA+-ek laguntzeko moduan ez daudela adierazi zuen. Horren ondorioz, HE Gurasoak plataformak alternatibak lantzen ari da, seme-alabak euskaraz matrikulatu nahi dituzten eta plazak murriztearen ondorioz sistema publikotik kanpo geratuko diren familiei erantzuteko. Bukatzeko, guraso taldeak “alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragile guztiei laguntza eskatzen diegu alternatiba horietan lan egiteko” adierazi du.