Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa abiatu du Gure Eskuk hainbat eragile sozialekin elkarlanean
‘Hamaika Gara’ egitasmoa aurkeztu dute gaur Donostian. Prozesu luze baten ondoren, gaur abiatuko da Gure Eskuk Euskal Herriko alor ezberdinetako eragileekin elkarlanean sustatutako sinadura bilketa. Kanpaina berri honen manifestua aurkeztu dute ere.
2020-ko martxoak 11
Herritarron garaia da. Indarrak batu eta aurrera egitekoa. Gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei buruz erabakitzeko eskubide osoa dugu, eta horretarako, erreferendum bidez erabakitzea posible egingo dugu. Bidea hasia dugu eta hamaika gara bertan bat egiten ari garenak.
Bizitza duina nahi dugu denontzat, eta ezinbestekoa dugu, beraz, bizitza erdigunean jartzea, eta zaintza lanak modu orekatuan berrantolatzea, pertsonen arteko harremanak eta lurrarekin eta gainerako animaliekin ditugunak eraldatzea. Justizia soziala iparrorratz, ekonomia herritarron beharren arabera antolatu nahi dugu, enplegu eta pentsio duinak geureganatu, kalitatezko osasun sistema bermatu, hezkuntza propio eta burujabe bat ahalbidetu, gorputz eta identitate guztiak aske bizitzeko baldintzak sortu, indarkeria matxistari, LGTBI+fobiari eta diskriminazio orori aurre egin, eta kultura eta hizkuntza aniztasunarekiko begirunez, euskara indartu. Gure etorkizun politikoa eraikitzea gure ardura da, eta hemen erabaki behar dugu.
Elkarrekin bizi gara, eta elkarrekin erabakiko dugu, edozein dela bakoitzaren sorterria edo hizkuntza. Inor ez da ilegala; eskubide zibil eta politikoak bertan bizi garen herritar guztionak dira, eta historikoki ukatu zaizkienei aitortu eta bermatu egin behar dizkiegu. Zentzu horretan, emakumerik gabeko erabaki guneek ez dute zilegitasunik.
Erabakiak geroz eta gutxiagoren artean hartzen dituztenak daude balantzaren alde batean; eta guk herritarron indarra jarri behar dugu bestean. Atzerakada demokratikoei herritarrok ahaldunduta, bat eginda eta demokrazian sakonduz erantzun behar diegu. Izan ere, komunitate batek bere burua gobernatu nahi duenean, bere borondatea muga bakartzat hartuta, erabakitzeko ahalmena izan behar du, herritarrok erabakitzea baita gatazkak kudeatzeko eta bakea eta bizikidetza bermatzeko giltza. Elkarrekin erabakitzeak egiten gaitu herri.
Herritarrok gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu. Gure lurraldearen estatus politikoa eta beste lurraldeekiko harremanak menpekotasunik gabe eta askatasunez erabakitzeko aukera izan nahi dugu. Egiaz, errealitate ezberdinak bizi ditugun arren, burujabetzan sakontzeko borondatea konpartitzen dugu.
Ez dugu edozein modutan erabaki nahi, oinarri batzuen baitan baizik: informazio gardentasuna, eztabaida publikoa, deliberazioa eta kontzientzia kritikoa sustatuz, eta aukera politiko guztiei bide emanez. Erabaki nahi dugu, betiere, guztion oinarrizko eskubide eta askatasunak bermatu eta zabaltzeko baldin bada, eta inoiz ez horiek murrizteko edo gutxiengoen aurka egiteko. Funtsezkoa da elkarbizitza eta kohesioa erabaki guztien oinarri izatea, denok parte izan gaitezen.
Urrats eraginkorrak egiteko unea da, eta eragile, erakunde eta herritarrok elkarrekin egin behar dugu bidea. Denok dugu tokia bide honetan, eta norberak bakarrik bete dezake berea. Guztion ardura da. Eta herritarrok martxan gara.
EAE | eskaera Eusko Legebiltzarrari
Herritarron garaia da. Indarrak batu eta aurrera egitekoa. Edozein gai edo auziri buruzko erabakiak hartzeko aukera izan behar dugu, baita gure lurraldearen etorkizun politikoa eta beste lurraldeekiko harremanak menpekotasunik gabe eta askatasunez hautatzekoa ere. Sinestuta gaude, gainera, erabakiak herritarrok hartuz gero, denontzat etorkizun hobe bat eta bizitza duinagoak bermatu ditzakegula. Bide horretan gure borondatea eta konpromisoa adierazten dugu.
Erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura. Honenbestez, Eusko Legebiltzarrari proposatu eta eskatzen diogu gure etorkizun politikoaren inguruko eztabaida sustatzea, herritarron parte hartze eraginkorra bermatuz, eta erreferendumak egiteko ahalmen osoa bere gain hartu, arautu eta garatzea.
NAFARROA | eskaera Nafarroako Parlamentuari
Herritarron garaia da. Indarrak batu eta aurrera egitekoa. Edozein gai edo auziri buruzko erabakiak hartzeko aukera izan behar dugu, baita gure lurraldearen etorkizun politikoa eta beste lurraldeekiko harremanak menpekotasunik gabe eta askatasunez hautatzekoa ere. Sinestuta gaude, gainera, erabakiak herritarrok hartuz gero, denontzat etorkizun hobe bat eta bizitza duinagoak bermatu ditzakegula.
Nafarroako herritarrok gure buruaren jabe izan eta etorkizuna gure esku nahi dugu, guk geuk erabaki nahi dugu, trabarik gabe. Bide horretan, gure borondatea eta konpromisoa adierazten dugu. Bada garaia aurrera egin dezagun Nafarron erabaki ahalmena aitortzeko bidean.
Honenbestez, Nafarroako Parlamentuari proposatu eta eskatzen diogu gure etorkizun politikoaren inguruko eztabaida sustatzea, herritarron parte hartze eraginkorra bermatuz. Halaber, gure etorkizuna erabaki ahal izateko bideak jorratu eta tresnak bereganatzeko eskatzen diogu, erreferendumak egiteko ahalmena barne.
IPAR EUSKAL HERRIA | konpromiso adierazpena
Honenbestez, manifestu hau babesten dugu eta gure borondatea eta konpromisoa adierazten dugu Ipar Euskal Herrian norabide honetan aurrera egiteko. Izan ere, gure lurraldearen instituzionalizazioan sakondurik, bertako herritarroi eragiten diguten gai edo auziei buruzko erabakiak hartzeko ahalmena izan nahi dugu.
DIASPORA | konpromiso adierazpena
Honenbestez, manifestu hau babesten dugu eta gure borondatea eta konpromisoa adierazten dugu euskal diasporatik norabide honetan gure ekarpena egiteko.