GORRIA

Pentsionistak Bilbon 2 urte eta 10 hilabetez astelehenero kontzentratuta egon eta gero, Espainiako Gobernuak pentsioen %0.9-ko igoera iragarri du berriki. Enpresari nagusien ikuspuntutik neurri gorria, zentzu guztitan.

Mikel Urabaien Otamendi

2020-ko urtarrilak 31

Baina, krisiaz geroztik, KPI-a (Kontsumo Prezioaren Indizea edo gaztelerazko IPC, oinarrizko beharrizanak asetzeko zerbitzu eta produktuen erosketa saskia aztertzen dituen indizea) %17.5 igo da Eustaten datuen arabera. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan, Pedro Sánchezen Gobernuaren pentsioen igoera kontutan hartuta ere, pentsionista batek 2008-an baino %16.6 gehiago ordaindu beharko du duintasunez bizi ahal izateko. Datuei erreparatuz, neurri gorria, larru gorritan. Horixe bera pentsa lezakete Hego Euskal Herrian greba orokorraren deialdiari eustea erabaki duten milaka lagunek.

Gainera, ekonomilariek jada krisialdi global berri baten etorrera hurbila iragarri dute. Etenik gabeko garai gorri honek, persona helduengan ez ezik, beste hainbat gizatalderengan zabaldu eta kapitalismoarekiko haustura mahigaineratzen dituzten kolore ezberdin askotariko mugimenduak; feminismo morea, ekologismo berdea edota antiarrazismo beltza; gorriz margotu ditu. Horrela, 145 sindikatu eta eragile sozialek osaturiko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba orokorrerako deialdia eginez pentsionistekin bat egin dute.

Gutxieneko 1.080 euroko pentsioaren aldarriari jauzi kualitatibo bat ematea lortu eta erreibindikazio anitzen indar batzea sortu zen, eta gaur gauzatu ere egin. Bestelako exijentzien artean, honako hauek: 65 urteko jubilazioa, 1.200 euroko gutxieneko soldata, asteko 35 orduko lanaldia, eskubide sozialen bermea edota egungo Lan Erreforma bertan behera uztea. Azkeneko hau sinatu zuten CCOO eta UGT sindikatuak ez ziren grebarako deialdira batu.

Ildo honetan ere, Nafarroako eta EAE-ko gobernuek protestaren proposamenak Madrilera desbideratzearen jarrera hartu zuten. Euskal Herrian bertako instituzioen eskumenek zera erakusten dute, ordea: genero arrakala edo administrazioko behin-behinekotasunarekin bukatzeko, hala nola gutxieneko soldata edo pentsioak igotzeko osagarriak suposatuko lituzkeen legeak sortzeko botere ahalmena. Orduan, ez al da egia alternatibarik egon badagoela? Baina egoera gorriari aurre egiteko politika gorriak beharko litezke; eta koloreak, jakina denez, gustu kontuak dira. Langileontzako, berriz, beharrizanak.

Gehiago