LABek sinatu duen Nafarroako ikastolen hitzarmen berriak bere gain hartu ditu murrizketak, eta ez ditu birkokatzeak bermatzen

2019-ko abenduak 18

Plantillen antolaketa eta mobilizazioa dela eta, patronalek eta administrazioak funtsezko hobekuntzak sinatu beharko dituzte, eta ELAk langileei egia kontatuko die, horiek ustezko lorpen ez oso esanguratsuekin kontsolatzeko tentazioa izan gabe.

Azken hamarkadan eta krisiaren aitzakipean Ikastoletako langileen oinarrizko lan baldintzetan nabaria izan da murrizketen eragina. 2010 urtean aplikatu ziguten soldata murrizketak eragina izaten jarraitzen du, eta eroste-ahalmenaren galera akumulatua %15etik gorakoa da, nahiz eta lauko gobernuarekin %5eko soldata igoera izan (sare publikoan %6a), Madrildik kopiatuta.

Azken negoziazioak NIE eta LAB artean egin dira, ELAri deitu gabe, nahiz eta 2016tik izandako negoziazio bileretan parte hartu izana. ELAk argi utzi zuen hasieratik, gaurko gobernuari eta beste patronalei egin behar genien interpelazio zorrotza: murrizketak lehengoratzeko eta kalitatezko hezkuntza lortzeko behar den finantzazio nahikoa mahai gainean jartzeko, eta ez orain arte langileen bizkarrean utziz. Itunpeko Sareko Akordioan lehenengo aldiz sartu dira Ikastolak, baina interpelazio hori egin gabe eta akordio kaxkar bat NIEk eta LABek (ez ELAk) sinatuz.

ELAk ez du Patronalaren planteamendua ontzat hartzen: administrazioak murrizketak ezartzen baditu soldata-taulak bertan behera geratzen dira. Eroste ahalmena berreskuratzeko eta lan kargak arintzeko gaiak Nafarroako Gobernuaren borondatearen baitako edukiak direla argudiatuz, gai hauen inguruko beto antzeko bat ezarri nahi izan dute, negoziazio mahaian gaudenok praktikan eduki hauen gainean negoziatzeko eta eragiteko ahalmenik ez dugula onartuz. Ezin da onartu funtsezkoak diren edukiak albo batera uztea eta patronalek aukeratutako gaietara mugatzea ustezko negoziazioa.

Negoziazioen hasieran sindikatu bakoitzak bere plataforma aurkeztu zuen, eta malgutasunez mugitu ginen. Baina bakoitzak badu bere marra gorria. ELArena bazen mantendu behar zirela bai ultraaktibitatea baita ez-aplikazioaren oztopoa ere. NIE eta LABen akordioarekin ez dago argi honen bermea. ELAren aburuz edukietan betorik gabeko negoziazio erreal baten alde langileak antolatzeko aukera bertan behera uztea suposatzen du baldintza hauetan akordioa sinatzeak.

Azkenik aipatu behar dugu ELAk saiakerak egin dituela ikastoletan eta itunpeko sarean ordezkaritza dugun sindikatuon artean egoera honi buelta eman ahal izateko 2016tik aurrerako %1eko soldataren aldeko mobilizazio dinamika mantentzeko. Baina ez da posible izan, eta LABek patronalek eta gobernuak egindako planteamendu ontzat eman eta legitimatzea erabaki du akordioak sinatuz. Itunpeko hitzarmenarekin EAEn jarraitutako bidea ELAk defendatzen duena da, eta haren alde lan egingo du: antolaketa eta mobilizazioa, eduki esanguratsuak dituzten akordioak lortzeko.

Gehiago