Antsoainen haur eskola euskalduna aldarrikatu dute
Gaur Antsoaingo Udaletxean sartu diren hiru familiek ikatza utzi diote alkateari "gaia ez eztabaidatzeagatik" eta "arazoari konponbiderik ez emateagatik".
2019-ko abenduak 24
Bi urte pasa dira herrian haur eskola euskalduna aldarrikatzen hasi ginenetik. Bi urte eta Antsoaingo Udala entzungor.
Gaur, seme alaben hizkuntza eskubideen defentsan udaletxean sartu gara haur eskola euskalduna aldarrikatzera. Bertan jolastu gara, eta alkateari ikatza eta egin ditugun marrazkiak helarazi dizkiogu.
Arrazoiak:
Udalak seme alaben hizkuntza eskubideak ez ditu bermatzen.
Alkateak, haur eskola euskaldunaren bidean zein neurri eta zein epetan hartuko dituen galdegiten diogunean, ez du erantzuten.
Udal aurrekontuetan haur eskola euskalduna sustatzeari diru partidarik ez zaio eskaintzen.
Udalaren osoko bilkuretan gaia ez da eztabaidatzen, eta mahai gaineratu denean alkateak berak puntua tratatu aurretik atzera bota du -urtarrileko osoko bilkuran-.
Argi dago beraz Antsoaingo Udalak ez duela arazoari konponbiderik emateko asmorik. Guk hala ere, herrian haur eskola euskalduna lortu arte lanean jarraituko dugu.
Antsoaingo Udala, haur eskola euskaldunari ateak ireki!