#EuskalTsunamia Muga kolapsatu dute Katalunyarekin elkartasunez

'Barraskilo operazioak' hainbat kilometrotako auto pilaketa eragin du Biriatun. 18:00etan Behobiako muga ixtera deitu du Tsunami Demokratikoak, 500dik gora auto atera dira Garberatik Biriaturantz.

2019-ko azaroak 12

Euskal Tsunamiak balorazio baikorra egin du: «Gaurkoa bikaina izan da. Kataluniako independentistei laguntzeaz gain, haiek azken urteetan sortutako olatua, nolabait, Euskal Herrira ekarri dugu».

«Borroka ez-biolentoaren» aldeko mezua zabaldu du ekinbideak, eta ekitera dei egin du: «Ez gaitezen egon kanpotik deituko gaituen tsunamiaren zain. Gaurkoa salbuespena izan da. Has gaitezen, gizarte justuago bat helburu, euskal errepublikaren alde lanean, eguneroko konpromisoetatik».

Hamazazpi kilometrorainoko auto pilaketa osatu da iluntzean zehar; Astigarraga eta Errenteria pasatuta jarraitzen zuten auto ilarek. 21:00etan Oiartzun pareraino iristen zen ilara. Ezin da zehaztu zenbat ibilgailu parte hartu duten protestan, baina 500 bat gutxienez atera dira Donostiatik arratsaldean. Beratik Irunera iristeko bideak ere kolapsatu dira momentu batzuetan.

Jendarmeek identifikatu egin dituzte Biriatuko ordainlekura iritsi diren lehen gidariak. Geroago, Biriatuko ordainlekura iristen hasi diren auto batzuk autopistatik aterarazi dituzte, ordainlekura heldu aurreko irteeran.

Gehiago