Zezenketen aurkako kalejira eginen du Iruñea Antitaurinak uztailaren 7an

Iruñea Antitaurinak gaur aurkeztu du uztailaren 7an arratsaldeko 19etan Udal Plazatik abiatuko den kalejira antitaurinoa eta jai hauetan eramanen duten pankarta.

2019-ko uztailak 3

Animalien kontrako tratu txarrak arbuiatzen dituztenak “gero eta geihago” direla ziurtatu dute, baita ere “zezenen tortura eta heriotza oinarri dituen jaiaren muturreko ankerkeria” salatzen dutenak.

“Ez da onargarria dagoeneko. Gizarte eta hiri gisa, Iruñeak heldu behar dio sanferminen etorkizunari buruzko eztabaidari. Hainbat datuk horrela adierazten dute: batetik, Estatuko hainbat lekutan, baita nazioartean ere, nabarmenki murriztu dira zezenketen eta horietara joaten diren ikusleen kopuruak; bestetik, gazte gehienak zezenketen kontra daude (16 eta 24 urte artekoen %84). Ez da zilegi gure jaien zati bat animalien kontrako tratu txarretan oinarritzea”, esan dute. Beraz, sanferminetan arratsaldero zezenak “torturatzeari eta hiltzeari utzi eta basakeria horren ordezkoa bilatzen hasi behar” dela azpimarratu dute.

“Iruñekoak gara eta gure jaietan disfrutatzen dugu. Sanferminak maite ditugu eta horregatik edozein indarkeriarik gabeak nahi ditugu”, esan dute prentsaurrekoan. Euren helburua zezenketak bukatzea bada ere, entzierroen inguruko eztabaida bultzatu behar dela ere argitu dute.

Uztailaren 7an, arratsaldeko 7etan, kalejira antitaurinoa eginen dute, aurreko urteetan bezala. “Jai-ekitaldia izanen da, ikuskizun odoltsu eta ankerrik gabeko dibertsioa sustatuko duten sanferminak aldarrikatu nahi ditugulako”. Aurten Matraka elektrotxarangak lagunduko du kalejira alaitzen. Udaletxe plazan hasiko da Errekoletak plazan bukatuko da. Patxi Huarte Zaldieroa marrazkigileak egin du aurten kalera aterako duten pankarta.

Gehiago