ETA ORAIN ZER, GONDÁN?

Azken lau urte hauetan Zizur Nagusia udaltzaingoaren eta Geroa Bairen eskutik bermatutako errepresio polizial eta instituzionalaren eszenatoki izan da, azken hau alkatetza eduki duen alderdia izanik, Jon Gondán buru.

Zizurko Herri Mugimendua

2019-ko ekainak 16

Alde batetik, identifikazioak, isunak eta mehatxuak; Bestetik, oztopo administratiboak, desinformazioa eta instituzioen erabilpen alderdikoia, gure herriko gazteria eta mugimendu sozial eta politikoak zigortzea eta kriminalizatzea helburu dutelarik. Bi aldeen arteko konexioa argia da, ez soilik Gondánek eta Udaltzaingoaren buruak, Xabier Martínezek, hainbestetan erakutsi duten jarrera autoritario eta elkarrizketaren kontrakoaz gain, azken honek (alkatearen nahiaz jarritako kargua) publikoki Geroa Bairen aldeko jarrera erakutsi baitu, orain dela pare bat aste izan zen Zizurko alderdi honen mitinean ikusi zen moduan.

Beraz, ez gaitu batere harritzen alderdi baten zerbitzura dagoen polizia batek kondekorazioa jasotzea, aurreko hilabetean gertatu zen moduan, non Martínez domina batekin saritua izan zen bere gestioa zela eta, Izquierda Ezkerra eta EH Bildu alderdiak izan zirelarik aurkakotasuna adierazi zuten bakarrak. Gestio honen barnean aurkitzen da guztiok ezagutzen dugun urtezaharreko gertakari mediatikoa. Gau horretan poliziaren esku-hartzearen ondorioz, bajera batean sortutako iskanbila batean bitartekotza egiten saiatu zen gazte bat kolpatu, zauritu eta pistolarekin apuntatu zuen udaltzaingoaren buruak. Polizia-agenteak gertakarien lekura iristean haien porrekin oldartu ziren gazteen kontra, izan ere, hauek petardoak botatzen zebiltzan urte berria ospatzeko. Desinformazioaren eta gezurren bitartez, Geroa Baik, beste behin, gazteria estigmatizatzen saiatu zen, poliziaren portaera neurrigabearen aurrean inolako gaitzespenik egin ez zuten bitartean.

Baina hau ez da gertakari bakan bat; baizik eta, ohiturazko bilakatu den errepresio, eguneroko jazarpen eta larderiazko jarreraren zati txiki bat baino. Beste adibidea da Ardoiko kirol instalazioetara entrenatzera doazen, edo kalean jolasen dabiltzan adinez txikikoen kontrako hautazko identifikazioak eta jazarpen konstantea. Azken finean, bortizkeriazko historial luzea, non beraien artean izandako umiliazio eta mehatxuen ondorioz izandako epaiketa bat ere gehitzen den. Bere bortizkeriagatik ezagutua den, eta bere arma zerbitzuz kanpo zegoela atera ondoren, erabiltzea debekatua duen polizia mantentzen duen udaltzaingoa da honako hau.

Egoera hau azken hilabeteotan areagotu egin da, Geroa Baik Nafarroa mailan hartu duen jarrera jarraituz, non gobernuko kide zaharrekin banantzen saiatu den eskuinerantz joz, eta edozein proiektu burujabe, gazte edo antikapitalistajazarriz. Horrela, herri honetan ez ezik, besteetan ere alternatibak eraikitzen dituztenak seinalatu eta kikiltzen saiatu dira. Maravillas gaztetxearen epaiketako auziperatuen deklarazioen hasieran, Zizurren Geroa Baik gaztetxeen aldeko mural bat ezabatzea agindu zuen Zizurren. Gure herriko gaztetxera istiluen aurkako polizia bidali zen bertako plaza apaintzeko mazeta batzuk margotzen ari ziren gazteen aurka. Egun hartan ere, Udaltzaingoaren burua izan zen elkarrizketa gabe istiluen aurkako polizia deitu zuena, giroa tentsionatu zuena, eta inguruan zegoen neska bat eraso zuena. Daramagun urte honetan, Martxoak 8 greba feministaren aldeko pankartak kentzen, edo baimena eman zien taberna bateko horman kartel bat jartzeagatik ikasleak identifikatzen ikusi dugu polizia.

Bestetik, herriko kolektiboek jasandako oztopo instituzionalak etengabekoak izan dira. Txozna Batzordeari kendutako diru laguntzak edo Sound Andres bezalako ibilaldi luzeko jaialdien amaiera ekarri duten ezarritako zigorrak, Gondánen jarduera herrikoien kontrako obsesioaren adibide batzuk besterik ez dira. Azkena Sorgin Gaua jaialdiaren kontrako errepresioan ikus daiteke, pasaden azaroan bere azken edizioa ospatu zuela. Udaltzaingoaren buruak egindako salaketa eskariaren ondoren, Sorgin Gaueko kolektibo antolatzaileak isun neurrigabeak jaso ditu. Poliziak Nafar eta Espainiar Gobernuei zigor administratibo handienak eskatu ziela, udal ordenantza eragotziz eta honek dituen protokolo desberdinak saihestuz. Honi etorkizuneko ekintzen debekuaren mehatxuak, eta alkatearen salaketa publiko larriak gehitzen zaizkio, non ekitaldi hau asteburu horretan izan zen zezen-kontsultaren kontrako sabotajeekin konektatzen saiatu zen. Pasaden hilabetean Zizurko hamar kolektibo eta organizazio baino gehiagok prentsaurreko batean salatu zuten herriko kolektibo eta gazteek sufritzen zuten jazarpena. Honi erantzunez Geroa Bairen aldetik isiltasuna besterik ez da lortu.

Eta orain zer? Hipokresiak eta etika faltak (trafiko seinaleeten jarritako kartelak, udaleko langileak erabiliz egindako bonbardeo propagandistikoa…) markatutako kanpaina baten ondoren, larunbat honetako inbestiduran bere agintaldia errepikatzea lortu du erlojuaren kontra beste alderdiekin eman diren negozioazioen ostean. Hauekin Martínezen kargugabetzea eta polizia jazarpena eta Geroa Bairen errepresio instituzionala mozteko neurriak iritsiko dira? Edo Gondánek aurreko lau urteetan bezala gobernatzen jarraituko du?

HERRI MUGIMENDUKO KOLEKTIBO ETA ANTOLAKUNDEAK:
Asamblea Antirrepresiboa, GSOA Esparru Gaztetxea, Sorginkale Banaketak, ZIA (Zizurko Ikasle Asanblada), Talde Feminista, Jai Batzordea, ZGA, Herri Formakuntza Taldea,  Txozna Batzordea,  Alternativa Z, Hots Gurasoak, Ronda Copera, Apostuen aurkako asanblada, Sortu, Rock Etxea, Ernai

Gehiago