Herri Sanferminak sanferminetako egitaraua aurkeztu du

Uztailaren 6tik 14ra arte Iruñeko Sanferminak ospatuko dira, eta aurten ere Herri Sanferminak bi gune ezberdin eraikiko ditu hiriburuaren bihotzean. Baratxurien Plazan eta O Plazan. Gaur zabaldu dute egitaraua.

2019-ko ekainak 6

Herri Sanferminakek 4. urtez jarraian bestelako jai eredu bat antolatzeko prest agertu da, eta aurtengo sanferminetan “porlanez beteriko” Iruñea honetan ereindako hazi horrek “bere fruituak” eman dituela azpimarratu dute. “Gure hiria eta kultura merkantzia bilakatzen dutenen hormen artean bidea irekitzen ari dira sustraiak”, eta jaietan ere “eguneroko borrokek ez daukatela etenik” gogoratu dute. “Izan ere, sistema kapitalistak sustatzen duen jai ereduak egun oroz ditugun zapalkuntzak areagotzen ditu. Honen aurrean, parte-hartzaileak, herrikoiak, ekologistak, kulturalak, feministak, anitzak, antikapitalistak eta euskaldunak dira Herri Sanferminen sustraiak eta horren defentsan lanean jarraituko dugu”, adierazi dute.

Aurtengo leloa “Zapalduon jaia, sanferminen sustraia!” izanen da.  Egitarauari dagokionez, azken bi urte hauetan egin duten bezala, Errekoletak eta O Plazetan antolatu da. Bertan, adin guztientzako eskaintza zabala eta anitza izanen da: txikientzako tailerrak, magia ikuskizunak, karaokea, zumba, txalaparta ikuskizuna, estilo aunitzetako kontzertuak talde lokal zein nazioartekoenak… 6an festei hasiera emateko Herri Txupinazoa botako du Maravillas Gaztetxeak.

Herri Sanferminak ekimenetik azpimarratu nahi dute jada aukera dagoela uztailaren 11n burutuko diren OkoJoko Herri Olinpiadetan izena emateko. Horretarako, 6-10 lagunen talde parekidea osatu, bereizgarri bat pentsatu, eta okojokohsf@gmail.com helbidera idatzi behar da.

Txoko ekologikoa
Espazio berri bat izango da aurten O plazan. Km0 eta produktu ekologikoen osatutako eskaintza baten aldeko apustua eginen da. Bertan zukuak, ardoa, garagardoa, eta abar luze bat topatu ahalko dira. Bertan ere eskaintza gastronomiko paregabea izango da: bertakoa, eta ekologikoa. Goizez, uztailak 6, 7, 12, 13 eta 14ean hamaiketakoak egonen dira. Eguerdian, menuak eskainiko dira egunero eta kolektibo ezberdinen bazkariak izango dira. Azkenik, gauez, pizza eskaintza zabala izango da. Eta aurten berritasun bat dago, taloak ere izango baitdira afaltzeko! Uztailaren 6ko hamaiketakorako, eta eguneko menuetarako lekua erreserbatzea gomendatzen dute: 603763878 edo hsf.erreserbak@gmail.com bidez.

Txandak
Herritarren inplikazioa eskatzen dute Herri Sanferminak ekimenetik. Nahi duena, hsftxandak@gmail.com helbidera idatzi dezake datu hauek ematen: zein txanda, zenbat pertsona, izen-abizenak eta tlf zenbakia. Betetzeko dauden 368 txandak webgunean aurkitu daitezke.

Gehiago