Nafarroako indar politiko ezberdinek AHTren aurka eta Tren Sozialaren aldeko konpromisoa hartu dute

EH Bilduk, Ahal Dugu Podemosek, Izquierda - Ezkerrak eta Equok AHTren aurkako eta tren sozialaren aldeko manifestu bat sinatu dute datorren legegintzaldiari begira hainbat konpromezuak hartuz.

2019-ko maiatzak 23

Abiadura Handiko Trenaren kontra eta Tren Sozialaren alde agertu dira gaur hainbat alderdi politikoak. Egin nahi duten proiektua “erabat eskandalagarria” dela uste dute, orain dagoenaren paretik trenbide berria eraikitzea suposatzen duelako, “lurraldea txikituz eta mila milioka euro xahutuz”.

Legegintzaldi berriari begira, proiektu honen aurka aritzen diren taldeek konpromiso zehatz bat eskatu diete Nafarroako Parlamenturako eta Arabako Foraletarako hauteskundeetara aurkezten diren indar politikoei. Nafarroari dagokionez, EH Bilduk, Ahal Dugu Podemosek, Izquierda – Ezkerrak eta Equok hurrengo legegintzaldian gerta daitezkeen negoziazio guztietan eta balizko hitzarmenetan “irmoki eutsiko diote Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren proiektu berriak gelditzeari eta bertan behera uzteari”. Konpromiso bera hartu dute Araban EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Konpromisoaren testuak horrela jarraitzen du: “egon daitezkeen negoziazio eta balizko hitzarmenetan, Abiadura Handiko Trenaren aurkako indar politikoak gehiengoa baldin badira, adostuko duten dokumentuan argi eta garbi azalduko da gehiengoaren oposizioa proiektu honi”.

Azkenik, konpromiso idazki hau sinatzen duten alderdiek diote “tren soziala bultzatuko dutela, merkantziak zein pertsonak garraiatzeko eta herriak, eskualdeak, hiriak eta poligonoak lotzeko. Egungo trenbidea berritu eta modernizatzeko konpromisoa hartzen dute, hirugarren erraila eta trenbide bikoitza inplementatuz, Europako zabalera duten trenak ibil daitezen segurtasunerako eta erosotasunerako europar estandarren arabera, egungo teknologiaren laguntzaz”.

Nahiz eta proiektu guzti hauen atzean gobernu zentrala egon, tren sozialaren agertzen diren taldeak AHT Gelditu! Nafarroa, Sakana, Erdi Aldea, Oltza/Iza eta Erriberako plataformek uste dute AHT proiektua aurrera eramatea zailagoa dutela bertako instituzioen laguntzarik gabe. “Garrantzi handia ematen diogu indar politiko hauek konpromiso hau sinatzeari. Nahiko genuke hurrengo legegintzaldian Nafarroako Gobernuak argi eta garbi uztea Abiadura Handiko Trenaren aurkako eta egungo trenaren hobetzearen aldeko jarrera”, gehitu dute.

Erabat beharrezkoa ikusten dute, ildo beretik, nafar jendartearen sektore guztien inplikazioa “gure herrialdeko ekonomia eta ingurumena babesteko”. Horregatik, jarraituko dute mobilizazioekin.

Gehiago