Abaigarko euskal udalekuetako obrak finanziatzeko diru bilketa kanpaina bat abian jarri dute

Itsulapikoa.eus Euskal Herriko crowdfunding plataforman zabaldu den diru bilketa kanpaina honekin Abaigarko euskal udalekuetan sukalde eta litera berriak jarri nahi dituzte, euskal herriko haur eta gazteei udan euskaraz bizitzeko aukera baldintza egokienetan eskaintzeko.

2019-ko maiatzak 3

Badira 40 urte Abaigarren, Nafarroako herrixka txiki batean, euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen duten udalekuak antolatzen direla. Euskal Herriko txoko desberdinetatik elkartutako gazte bolondres ugarik hartzen dute parte, bertako haur guztiei zuzendua dagoen proiektua aurrera ateratzeko lanean. Elkarlanean, gozatuz eta beti ere euskara oinarritzat hartuz, hainbat balore lantzen dituzte txandetan, 15 egun ahaztezinetan.

Azken hiru urteetan etxearen erabilera mugatua egon da, berritze lan potolo batean murgilduta aurkitu direlako, eta ondorioz, ezinezkoa izan zaie bertan udalekuak antolatzea. Zorionez, eraberritze prozesua ondo bidean doa eta egindako esfortzu handiaren ostean etxea badoa berriro forma hartzen.

Aurtengo udan, uztaila eta abuztu bitartean, 240 gazte baino gehiago bertan elkartu eta berriro etxera bueltatu ahal izatea guzti horren emaitza izango delarik. Proiektu izugarri honek, ordea, 250.000 eurotik gorako kostu ekonomiko handia suposatu die. Mailegu bat eskatu duten arren, eta esan bezala obra aurrera dihoan arren, txandak behar bezala hasteko, sukalde eta litera berriak erostea ezinbestekoa zaie, eta horretarako jendearen laguntza behar dute.

Itsulapikoa.eus Euskal Herriko crowdfunding plataforman diru bilketa kanpaina bat jarri dute martxan behar den sosa lortu ahal izateko. Gutxienez 30.000 euro lortu behar dute (dagoeneko 17.000€ lortu dute), eta helburu guztia betetzeko 50.000 beharko zuten. 15, 30, 60, 120 edota 300 euroko diru ekarpenak egin daitezke, eta bakoitzaren truke ordainsari ezberdinak jasoko dira.

Gehiago