Eliza katolikoak, estatu kolonitzaileek eta heteropatriarkatuaren bertze hainbat aliatuk eraginda, tradizio eta moralaren izenean emaztekien kontra jo du. Inkisizioren aitzinetik gaur egunera artio jasan izan baititugu emakumearen askatasunaren kontrako erasoak. Ez da kasualitatea gaur egun ere emakumeek* gizonezkoek baino gehiagotan alde egitea landa eremutik. Izan ere, oraino kontrol moral, fisiko, soziala eta sexuala sufritzen segitzen dugu. Anitz izan dira landa eremutik ihes egin eta hiriak eskaintzen duen indibidualismoan eta anonimatuan bidea egin eta egiten dutenak. Bide hori zilegia izanagatik, bagara landa eremuan emakume* aske bezala bizitzeko hautua egiten dugunak.
Baina inposatu diguten kapitalismo suntsitzaileak landa eremua hustea du helburu. Multinazionalei ateak ireki dizkiete Ama Lurra nahi duten bezala erabiltzeko eta kolektibitatearen kultura desagerrarazteko, hizkuntza kolonizatzailea nagusi bihurtzeko eta baliabide natural guziak bereganatzeko.
Landa eremuko emakumeak* ordea, gure lurra, hizkuntza eta bizimoduaren bermearen zutabe izan garenez, mehatxu gisa gaitu sistema honek. Guk jatera ematen digun lurraren, edaten dugun uraren eta arnasten dugun airearen zaintza aldarrikatzen dugu, eta hauek ditugu erronka nagusiak:
1) Gure hizkuntza eta kulturaren defentsa egiten dugu, hizkuntza delakoz kolonizazioaren armarik indartsuena. Baldintzarik eta konplexurik gabe gure hizkuntzan bizitzeko eskubidea dugulakoz. Euskal Herria deskolonizatuko bada euskaraz izanen da.
2) Herri lurraren defentsan, auzolana aldarrikatzen dugu indibidualismoaren gotorleku bihurtu diren hirien botere hegemonikoaren kontra. Auzolanaren eta lurraren bidezko kudeaketaren aldeko apustua egin nahi dugu. Gaur egun, oraino ere, herri lurren zein lur pribatuen kudeaketa eta jabetza, gizonezkoen esku dago nagusiki, nahiz emakumeak* gizonezkoak bezainbertze edo gehiago aritu lur horien zaintzan.
3) Kontsumo arduratsua eta ekoizpen eredu jasangarria aldarrikatzen dugu, langile eta natura baliabideen esplotazio kapitalistaren aitzinean. Landa eremua lehengaien ekoizpen esparru den heinean, hiriguneen biziraupena bermatzeko beharrak hornitzen ditu. Hau da, landa eremuak elikatzen ditu hirigune eta industriaguneak; nola biziraungo dute, bada, landa eremua desagertuz gero?
4) Landa eremuan ere lanpostu “duinak” behar ditugu. Gaur egun, lan merkatuaren prekarizazioa landa eremuan handiagotu egiten da, eta gainera, tokiko nekazaritzari trabak bertzerik ez dizkiote paratzen, gisa honetan, landa eremuko zerbitzuak gutituz joan dira.
Ondorioz, landa eremua husten ari da, gazte jende anitzek hirietarat alde egiten baitu etorkizun hobe baten bila.
Landa eremuko jendeak, -gero eta adinduago dena- zaintza lanak behar ditu eta hauek emakumeen* esku gelditzen dira, soldata mixerableen truke. Bi hitzetan errateko, emakumearen esklabutzari esker mantentzen da sistema.
5) Ez ditugu gure bizilekuak suntsituko dituzten proiektu txikitzailerik nahi. Anitz izan dira interes kapitalista eta indibidualistei erantzunez gure lurra eta bizimodua suntsitzera bideratutako proiektuak, gutxi batzuen mesedetan: AHT, urtegiak, erabilera militarrerako proiektuak, meategi eta urbanizazio neurrigabeak… Eraso hauen aitzinean landa eremuko emakumeek* bizitzak erdigunean paratuko dituen errotiko sistema eraldaketa aldarrikatzen dugu.
6) Ez dugu gure lurra kapritxozko parke tematikoa bihurtu eta neurrigabeko turismoa bulkatu nahi. Bere defendatzaileek diskurtso paternalistekin heldu dira “laguntzera”, baina ez digute ziria sartuko.
Honengatik guztiagatik, landa eremuko emakumeek* dei egiten diegu herri honetako emakume guztiei gure aldarrikapen feminista, antikapitalista, antirrazista, antikapazista, antiheteropatriarkalaren alde egiterat eta martxoaren 8an PLANTO egiterat!
NAFARROAKO HERRIETAKO EMAKUMEOK* M8AN PLANTO!