“Demokraziaren aurkako” epaiketa salatzeko manifestazioa deitu du Gure Esku Dagok

Datorren astean Madrilen Espainiako Auzitegi Gorenean hasiko den Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten kontrako epaiketa salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Gure Esku Dagok. Otsailaren 12an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta herri askotan eta otsailaren 17an Donostian izanen dira elkartasun hitzorduak "Konponbidea, demokrazia eta askatasuna" lemapean.

2019-ko otsailak 7

Urriaren 1eko erreferendumetik ia urte eta erdi pasa ondoren, datorren asteartean hasiko da Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranisten kontrako epaiketa, Espainiako Auzitegi Gorenean. Egun horretan, Gure Esku Dagoren ordezkaritza bat Madrilen izango da, “preso politikoei babesa adierazteko eta bidegabekeria honen aurkako konpromisoa adierazteko”, gaur azaldu dutenez. “Ezinbestekoa da Euskal Herritik erantzun zabala ematea demokraziaren aurkako epaiketa honi”, adierazi dute, eta zentzu horretan otsailaren 12an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta herri askotan eginen diren elkarretaratzeak eta 17an Donostian eginen den manifestazioaren berri eman dute.

“Epaiketa denon kontua da. Batetik, prozesu judizial honek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako, eta beraz, guztion eskubide zibil eta politikoak daudelako jokoan. Eta, bestetik, erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dutelako. Azken batean, erabakitzeko eskubidearen kontrako epaiketa bat da, herrien autodeterminazio eskubidea ukatu nahi duena”, salatu dute.

Aipatutako mobilizazioak bereizgarri bat izango du: kolorea. Otsailaren 17an, horiz, elkartasun kolorez jantziko dituzte Donostiako kaleak. Aterki horiak izango dira elementu nagusiak, eta eskuragarri egongo dira, ibilbidearen hasiera eta amaiera puntuetan. Aterkiez gain, jantzi, konplementu edota xingola horiak soinean eramateko deia egiten dute, elkartasun keinu gisa, bai manifestazioan eta baita epaiketak irauten duen artean ere.

“Preso dauden buruzagi katalanen askatasunarekin batera, herritar guztion eskubideak daude jokoan”, adierazi dute, eta kaleratuko dituzten aldarrikapenak hiru kontzeptuetan laburbiltzen direla zehaztu dute: Konponbidea, demokrazia eta askatasuna.

Gehiago