AZ ekimenak UNZU eta turistifikazioaren aurkako lanean jarraituko duela adierazi du

Talde politiko batzuek euren aldarriak interes partidistendako erabili dituztela salatu dute.

2019-ko urtarrilak 22

Urtarrilaren 10ean Iruñeko udaletxean izan zen osoko bilkurak “tristura, ondoeza eta etsipena” eragin du AZ ekimenaren kideen artean. UNZUko makrohostelari argi berdea eman zitzaiola salatu dute eta hiria aurrekonturik gabe utzi zen. AZ Ekimenak uste du
osoko bilkuraren aurretik eta gero bere taldearen “zilegitasuna zalantzan” jarri dela. “Auzoko mugimenduaren eskaerak interesen arabera erabiliak izan dira, AZk hiriko talde politikoei helarazitako iritzi eta borondatearekin zerikusirik ez duen mezua zabaldu dute gure izenean”, esan dute.

“Lehenik eta behin gure lana aspaldikoa da, beraz, argi utzi nahi dugu gure auzoari eragiten dioten prozesuetan parte hartzeko zilegitasun guztia dugula”, azpimarratu dute.

2017an egin zen batzarrean lehentasunezko gaien artean Alde Zaharreko saturazio turistiko hoteleroaren, soinuaren, masifikazionaren eta etxebizitza turistikoen arazoari heltzeko erabakia hartu zen. Gai hauek lantzeko 2018ko urtarrilean Bizitzeko Alde Zaharra taldea eratu zen AZ Ekimenaren barruan, ostatu turistikoen arau erregulatzailea aldatzear zegoenean eta UNZUko eraikin zaharrean makrohostela egiteko zuten proiektua martxan zegoenean. Alde Zaharra ostatu turistikoentzat zonalde saturatu izendatzeko apostua egin zen eta oraindik ere helburu hori dutela argitu dute. “Hala ere, badakigu auzoko mugimenduaren erritmoak eta instituzioenak desberdinak” direla konziente direnez, harriduraz hartu zuten osoko bilkuraran gertatu zena. “Eguna hurbiltzen ari zenean, gure eskaerek ulertezinezko lehentasuna hartu zutela ikusi genuen, Iruñeko aurrekontuak negoziazioetan baldintza garrantzitsuena izatera iritsi ziren. Gure eskaerak marra gorri baten gisan azaldu zituzten, guk holakorik behin ere planteatu ez arren”, salatu dute. Gauzak horrela, Alde Zaharra zonalde saturatu izendatzeko aukera urrundu zen eta Geroa Baik arau proposamenari egindako emendakinarekin Alde Zaharrean hotel-establezimenduak edatzeko bideari ateak iriki zizkion. “UNZU makrohostela egiteko aukera zabaldu zuen Geroa Baik”, esan dute.

“Joko politiko” horrek auzoarentzat eta hiriarentzat ekar ditzakeen ondorioak ikusita osoko bilkura baino egun batzuk lehenago hainbat talde politikorekin elkartu zirela zabaldu dute. “Gure lehentasuna Geroa Baik aurkeztutako eta UPNk babestutako emendakina aurrera ez ateratzea zen. Alde Zaharra ostatu turististikoz saturatua den zonalde izendatzea nahi dugu, hala ere, eskaera hori malgutzeko prest geunden arazoa areagotu ez zedin”, eta hau talde politikoen ordezkariei adierazi zieten.

Talde politikoei adierazitako eskaerak “haustura baten eszenifikaziorako erabiltzeak” tristetzen dituela esan dute. “Jokaera hauek ez dute talde politikoei helarazi genizkien ulermenerako borondatearekin zerikusirik”. Kolpea gogorra izan dela onartu dute, baina ,batez ere, “penagarria”. Hala ere, lanean jarraitzeko prest agertu dira. “Kaleko lana egiten jarraituko dugu beti egin izan dugun moduan, gainera urtarrilaren 10ean osoko bilkuran onartu zen ostatu turistikoen arau erregulzataileari alegazioak egiteko asmoa dugu. Auzokideen ongizatea eraikitzen eta babesten jarraituko dugu, auzokideen interesak lehenetsiko ditugu interes partidista eta ekonomikoen gainetik”, adierazi dute.

Gehiago